Zinemaz eta futbolez betetako astea dakar X. Thinking Football jaialdiak

Erabiltzailearen aurpegia

Bilboko BBK Aretoan egingo da, irailaren 19tik 25era.

Athletic Club Fundazinoak hamargarren urtez atondu dau Thinking Football, futbolaren ikuspegi eraldatzailea eta kirolaren eragin personal eta soziala erakusten daben pelikulak batzen dituan jaialdia. Irailaren 19tik 25era, astelehenetik domekara egongo da martxan, baina sei egunetan egongo dira saioak, barikuan ez dabelako ezer antolatu.

Proiekzino eta barriketaldiak Bilboko BBK Salan izango diran arren, San Mames zelaian egin dabe aurkezpena. Han izan dira Athletic Club Fundazinoko lehendakari Juan Carlos Ercoreca; Athletic Clubeko bigarren presidenteorde Jon Ruigómez; Igor San Román batzarkidea; BBK Fundazinoko zuzendari Gorka Martinez; Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarria; eta Fundazinoko zuzendari nagusi  Jon Vázquez Eguskiza.

Horrezaz gan, Thinking Footballeko zuzendaria egon da San Mamesen, egitarauaren detaile guztiak azaltzeko. Nazinoarteko futbolean zein zinemagintzan ibilbide oparoa daben konbidaduak ekarriko dituela aurreratu dau, proiekzinoen ostean publikoagaz berba egin deien. Besteak beste, Andy Towsend, Gordon Strachan, Alicia Vargas, Martin Begtsson eta Juanjo Giménez.

Hilaren 19ko lehenengo saioan Finding Jack Charlton dokumentala ikusi ahal izango da BBK Salan, Gabriel Clarke eta Pete Thomasek zuzendua. Irlandako selekzinoko jokalari eta entrenatzaile izan zanaren azken urteak kontetan ditue, memoriaren eta nortasunaren inguruko film honetan.

Jaialdian ikusi ahal izango diran film guztien artean, aitagarria da The Three Kings (martitzenean), Matt Busby, Bill Shankly eta Jock Stein mitikoen ingurukoa. Danak Glasgow inguruan eta sasoi beretsuan jaioak, futbola guztiz astindu eben. Alicia Vargas futbolari ohiaren barri emoten dauen Destino confidencial: campeonas be kontuan hartzekoa da, eguenean, Vargas bera be Bilbon egongo da eta.

Domekan, azken egunean, zinemagintzea eta futbola bete-betean batu zituan jazoera bitxi bat ezagutu ahal izango dogu, Alessandro Scillitani italiarrak zuzendutako Centoventi contra Novecento filmari esker. Pier Paolo Passolini eta Bernardo Bertolucci zinemagileak alkarregandik hur errodetan ebizan film bana, 1975ean. Zer otuko, eta errodajeetako lantaldeko kideen arteko partidua jokatu eben.

Jaialdia amaitzeko, domekan bertan, Juanjo Giménez zuzendariaren lana gogoratuko dabe. Futbolaz zuzendu dituan lau film laburrak ikusi ahal izango dira, 20:00etan: Libre IndirectoMaxima penaRodilla eta Ascenso.

Ikusi programazino osoa hemen.