Kirol Anitzeko Europako txapelketako hiru proba egingo dira Bilbon irailaren 17, 18 eta 24an

uriola.eus 2022ko ira. 15a, 14:28

Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Triatloi txapelketa irailaren 17tik 24ra egingo da bost egoitzatan. Bilbon Duatloi lehiaketako, elite, 23 urte azpiko, Junior, ParaTriatloia eta Adineko taldeen kategoriak egingo dira irailaren 17 eta 18an eta Aquabike eta distantzia ertaineko Triatloi txapelketak hilaren 24an. Atzoko aurkezpenean, Gu Ere Bai! ekimenak euskal kirolariak Euskal Herriko koloreekin parte hartu ahal izatea aldarrikatu zuen. 

Larunbat honetatik aurrera Bizkaia atletaz beteko da Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko 2022ko triatloi txapelketaren ondorioz. 8.000 pertsona baino gehiago batuko dira irailaren 17tik 24ra kirolari eta laguntzaileen artean, Bilbon, Balmaseda-Enkarterrin, Bermeo-Urdaibain eta Portugalete-Getxon. Bilbok emango dio hasiera lehiaketari eta 1.100 partaide inguru espero dira. Ostiralean, kirolarien eta ordezkaritzen desfilea egingo da Expo Zonan 19:00etan ekitaldiari hasiera emateko.

Egitaraua irailaren 25era arte iraungo du eta proba guztiak girotuta egongo dira, txapelketa jaialdi bihurtzeko asmoarekin. Bilbo kirol munduan erreferente bihurtzeko aukera "paregabea" da Aburto alkatearentzat. Chris Kitchen Europako Triatloi Federazioko presidenteordeak antolakuntza eskertu dio udalari: "pozik gaude Bilbao Bizkaiak gure ekitaldi enblematikoenetako baten hirugarren edizioa hartuko duelako, eta eskerrak eman nahi dizkiegu Udalari eta Aldundiari hori posible egiteagatik”.

Proba nagusia Bilbon

Bilbon lehenengo asteburuan egingo dena jendetsuena izango da. Duatloia, modalitate estandarrean eta esprintean. Proben azken egunean Bilbon ere, Distantzia Ertaineko Triatloia eta Aquabike probak egingo dira, 710 eta 325 kirolarirekin, hurrenez hurren. Egun guztien artean 31 herrialdetako triatleta bilduko dira.

Elite, 23 urte azpiko, Junior, ParaTriatloia eta Adineko taldeak izango dira Duatloi modalitateko kategoriak. Adineko taldeak 09:00etatik 09:13ak arte egongo dira ateratzen. 14:00etan neska juniorrak aterako dira eta 15:30ean mutilak. 17:15ean elite eta 23 urte azpiko neskak aterako dira eta 19:00etan mutilak. Hauek guztiak sprint modalitatean izango dira. Hurrengo astean irailaren 24an, Aquabike eta distantzia ertaineko triatloia egingo dira. Triatloi Bilbao Bizkaian kontsulta daiteke txapelketako egitarau osoa eta proba guztien ordutegiak.

Euskal Herriko koloreekin parte hartzeko aldarrikapena

Txapelketaren aurkezpenean Gu ere bai! ekimenak pankarta bat erakutsi zuen euskal kirolariak Frantzia eta Espainiaren koloreekin aritzera behartu nahi dituztela salatzeko. Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari eta talde politikoei eskatu diete Euskal Herriaren koloreekin parte hartzeko eskubidea babes dezaten.

Espainiako Triatloi Federazioak ohartu du Euskal Herriaren koloreekin parte hartzen dutenak kanporatuak izango direla. Gaur itsasadarretik hurbil agerraldia egin du ekimenak "zentzugabekeria hau" salatzeko: "Iraingarria da Euskal Herrian antolatutako proba batean Espainiako koloreak janztera behartzea". Plataformak iragarri du babesa emango dietela Euskal Herriko koloreekin agertzen diren kirolariei eta zaleei deia zabaldu die.