ANE ELEXPURU ETA CLARA PINEDO

“San Mamesen omenaldia jasotzea ahaztuko ez dugun zerbait da”

Pablo Martínez Canibe 2022ko ira. 28a, 16:38
Clara Pinedo eta Ane Elexpuru aurreko denboraldiko partida batean

Ane Elexpuru eta Clara Pinedo bilbotarrek 19 urtez azpiko Europako txapelketa eta 20 urtez azpiko Munduko txapelketa irabazi dituzte uda honetan. Txekiar Errepublikan berdinketaren gola sartu zuen Elexpuruk eta Costa Rican 22.000 pertsonaren aurrean jokatu zuten finala, “bizitzako esperientziarik onenetarikoa” Pinedorentzat. Lezaman bueltan, lehen taldeko fitxa izango du Pinedok eta hamaikakoan egonkortzen saiatuko da. Elexpuru bere aldetik, Athletic-en lehenengo taldearekin debuta egitea espero du.

Uda osoa futbolean eman ostean nola izan da Athletic-ekin entrenamenduetara bueltatzea bi asteko opor labur batzuen ostean?

Clara Pinedo: Denboraldia berandu amaitu genuen bigarren mailan mantentzeko play-offa jokatu genuelako bigarren taldearekin. Uda zaila izan da, noski, baina merezi izan du eta berriro errepikatuko nuke. Horrek entrenatzera beranduago iristea eragin du, eta heldu garenean jendeak bazekien jada zein izango zen aurtengo jokatzeko modua. Guk lasterka egokitu behar izan gara eta orain horretan gabiltza.

Ane Elexpuru: Munduko txapelketa amaitu genuenetik bi asteko oporrak eman zizkiguten atseden hartzeko. Egia esan, nahiko erraza izan da niretzako. Lehenengo astean pixkanaka sartzen joan ginen, baina teknikariek eta lankideek harrera oso ona egin digute. Astebeteko denboraldiaurre txikia izan dugu eta orain beste jokalariak bezala entrenatzen dugu.

19 urte azpiko finalean, Elexpuru, gol bat sartu zenuen eta azken minutuan irabazi zenuten. Nola bizi izan zenuten?

C.P.: Oso ondo jokatu genuen finala. Banekien irabazi egingo genuela, eta garaipena azken minutuko gol batekin lortzea gerta litekeen onena izan zen, askoz gehiago gozatzen duzulako.

A.E.: Deskribaezina izan zen. Sentsazio asko, urduritasun asko, ziurgabetasuna, baina batez ere, poz handia. Dezente sufritu genuen baina azkenean partida aurrera ateratzea lortu genuen.

Europako txapelketa irabazi eta lau egunetara 20 urtez azpiko munduko txapelketa jokatzeko deialdian sartuta zeundeten. Nola jaso zenuten berria?

C.P.: Ez nuen dei hura espero. Europako txapelketa irabaztea gorena zela uste nuen, baina deialdia ikusi nuenean ezin nuen irribarrea eta neukan poza gainetik kendu

A.E.: Lehiaketa batetik bestera astebete baino ez genuen izan atseden hartzeko eta deskonektatzeko, baina aukera hori nire planetan sartzen zen.

Ane Elexpuru: " Astebeteko denboraldiaurre txikia izan dugu eta orain beste jokalariak bezala entrenatzen dugu"

Jokalarien erdia baino gehiago bi lehiaketetan egon zineten. Zein neurritan lagundu zuen honek?

C.P.: 19 urtez azpikoa oso talde indartsua zen, eta 20 urtez azpikoan ez zeuden jokalari gehiegi edo min hartuta zeuden. Horregatik, gutariko asko errepikatu genuen eta elkarbizitza jada oso indartua zegoen.

A.E.: Nabarmentzeko moduko zerbait izan zen, 12 edo 13 berberak ginelako [Pedro López entrenatzailea ere berbera zen]. Aurreko lehiaketa elkarrekin jokatu genuenez kontzeptu guztiak ezagutzen genituen eta jokoa landuagoa geneukan.

Orokorrean nola baloratzen dituzue udako bi esperientzia hauek?

C.P.: Biak ikusgarriak izan dira, batez ere Costa Ricakoa. Kirol mailan, nire bizitzako esperientziarik onenetakoa da. Harmailetan 22.000 zale izan dituen finala inoiz ahaztuko ez dudan unea izan da.

A.E.: Bi herrialde horiek bezalako lekuetara joatea eta betetako estadio batean jokatzea oso futbolaria den Costa Ricako zalegoarekin eskertzekoa da. Ea Espainian ere pixkanaka hau gertatzen doan.

Esperientzia hau guztia San Mamesen amaitu zenuten 40.000 pertsona ingururen artean. Nola deskribatuko zenukete?

C.P.: Txikitatik naiz Athletic zalea, nire etxean Athletic talde bakarra da. Lehen taldeko jokalariekin egon ahal izatea, Muniainekin hitz egin ahal izatea eta zaleen aurrean egotea une deskribaezina da. Etorkizunean San Mamesen jokatu ahal izatea espero dut.

A.E.: Hasieran oso urduri geunden, baina behin zelaira irten ginela, oso azkar gertatu zen dena eta konturatu ginenerako palkoan geunden berriz. San Mamesen omenaldia jasotzea ahaztuko ez dudan zerbait da. Hor jokatzea ere nire ametsetako bat izango litzateke.

Clara Pinedo: "Harmailetan 22.000 zale izan dituen finala inoiz ahaztuko ez dudan unea izan da"

Bi txapelketa hauek irabaztea eta San Mameseko omenaldia, balio dezake zaleek gero eta emakumezkoen futbol gehiago ikusteko?

C.P.: Bai. Emakumezkoen futbola une onean dago orain; goraldian dago. Eskerrak eman behar dizkiot taldeari emandako laguntzagatik eta San Mameseko omenaldiagatik. Eskerrak eman behar dizkiot ere emakumezkoen sailarengatik apustu egiteagatik.

A.E.: Gero eta jende gehiago interesatzen ari da eta hori ikusten da. Gero eta aurrerapauso gehiago ematen ditu futbolak. Aurten esaterako, liga profesionala bihurtu da eta partida guztiak ikusi daitezke, eta uste dut horrek dezente lagunduko duela.

Aipatutako aurrerapenak kontuan hartuta, esan daiteke garai onenetarikoan heldu zaretela goi mailara?

C.P.: Inoiz ez nuen imajinatuko une honetan emakumezkoen futbolera iritsiko nintzenik. Pribilegio bat da honetaz gozatu ahal izatea.

A.E.: Uste dut emakumezkoen futbolaren garai oso ona dela, baina gure azpitik datozen belaunaldiak are hobeto iritsiko dira, aurrera egiten jarraituko duela uste baitut. Klubek ere aurrerapausoak ematen dituzte, eta gero eta baliabide gehiago dituzte.

Hala ere, hainbeste polemikaren artean, oztopo gehiegi agertzen dira.

C.P.: Polemikak daude, eta eztabaidaren bi aldeak ados jartzea da onena. Hala ere, garrantzitsuena emakumezkoen futbola da eta futbolean zentratu behar gara.

A.E.: Konpondu beharreko gaiak dira eta pixkanaka soluzioa aurkituko zaie.

Clara Pinedo: "Eskerrak eman behar dizkiot taldeari emandako laguntzagatik eta San Mameseko omenaldiagatik"

Pertsonalki zein da zuen helburua denboraldi honetarako?

C.P.: Aurten taldera eta ligara egokitu nahi dut, prozesu garrantzitsua delako. Batez ere, munduko txapelketa jokatzearen ondorioz hasiera galdu dudalako. Era berean, ahal dudan guztia hobetu nahiko nuke eta lehen mailaz gozatu.

A.E.: Lehen taldearekin debuta egitea.

Aurretik Iraia izan duzue entrenatzaile gisa bigarren taldean eta jokalari askorekin ere aurretik jokatu duzue. Horrek laguntzen du lehenengo taldean erosoagoa egon ahal izateko?

C.P.: Jakina. Harrobia nagusi den talde batean jokatzen dugu, eta ziurrenik orain bigarren taldean daudenek amaituko dute lehenengo taldean. Iraia nirekin egon zen iritsi nintzen lehen urtetik, eta pozgarria da bera entrenatzaile gisa izatea.

A.E.: Urte asko eman ditu Athleticen jokatzen eta oso ondo ezagutzen du kluba. Gainera, urte asko daramatza entrenatzaile gisa. Harrobia osoa ezagutzen du eta badaki zer daukan klubean.

Harrobia nagusi den talde bat izanda, erantzukizuna sentitzen duzue Athletic-en etorkizuna zaretela jakinda?

C.P.: Erantzukizun pixka bat badugu, baina beteranoen laguntzarekin erraz egokitzen gara eta errazagoa da.

A.E.: Erantzukizuna ez hainbeste, baina badakigu guk garela lehen taldera iritsi behar dugunak.

Nola ikusten duzue lehen eta bigarren taldeen denboraldia?

C.P.: Liga goraldian dago eta gero eta zailagoa da. Taldeek asko fitxatzen dute, horien artean haien selekzioekin jokatzen duten asko. Guk talde gazte bat daukagu, ahalik eta ondoen egiteko gogoz. Garrantzitsuena klubak ezarritako helburuak betetzea da.

A.E.: Bigarren taldea oso gaztea da, eta horietako askorentzat lehen urtea da liga hain zail batean, baina pixkanaka eta partidaz partida hobeto egokitzen joango dira. Lehen taldeari begira, oso talde indartsua du eta zeresana emango du. Sailkapenaren erditik gora egoteko borrokan egongo dela uste dut.

Europako txapelketan eta munduko txapelketan Elexpuruk gehiago jokatu du, baina gero Athletic-en Pinedok gehiago jokatzen du. Zeren araberakoa da hau?

C.P.: Entrenatzaileen esku dago. Haiek zer nahi duten, taldearen jokoa... Talde bakoitzak duen jokoa eta behar duena oso desberdina da.

A.E.: Taldeak dituen jokalarien arabera eta entrenatzailearen ideien edo taldearentzako onena dena uste duenaren arabera.

Gaur egun oso zaila da futbolaz bizitzea. Zuen ibilbide profesionalean zehar, etorkizunean pentsatzen duzue?

C.P.: Nik ikasketa batzuk egin nahi ditut, futbola amaitzerakoan gustuko dudanari, ikasi dudanari ekin ahal izateko.

A.E.: Bai, noski. Lehen taldean denek dute gradu bat edo horretan ari dira. Azken finean, futbola ez da bizitza osorako eta momentu honetan ezin dugulako horretaz bizi. Beharrezkoa da ikasketa batzuk izatea futbolaren ibilbidea amaitzen den unerako beste zerbaitetan aritzeko.

Zein da zuen futbol ibilbideko ametsa?

C.P.: Nire ametsetako bat, lehen taldean egotea zen eta oraingoz bete dut. Hortik aurrera, bertan mantendu eta arrakasta izan nahi dut.

A.E.: Athletic-ekin liga bat irabaztea nire ametsetako bat da.

Zein izan da futbolean zuen momentu onena? Eta txarrena?

C.P.: Talde mailan, nire momenturik onena iaz izan zen, play-off-a b taldearekin jokatu genuenean eta salbatzea lortu genuenean; maila pertsonalean, munduko txapelketa irabaztea; eta oroitzapen txarrena, bigarren urtean taldera egokitzea kostatu zitzaidanean eta horren ondorioz gozatzeari utzi nionean.

Ane Elexpuru: "Athletic-ekin liga bat irabaztea nire ametsetako bat da"

A.E.: Momentu onena, Munduko txapelketa. Txarrenari buruz hitz egiten badut, ez daukat momentu zehatzik; izan ere, gauza guztietan bezala, une zailak egoten dira baina aurrera egin behar da.