Hasi da atzera-kontaketa

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko urr. 17a, 17:58

Esazu hitz bat. Horixe izango da aurtengo azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egingo den Euskaraldiaren lelo nagusia. Bada, ariketa hasteko atzera kontaketa hasi da jada, asteburuan egin baitute Bilboko aurkezpena. Auzorik auzo martxan daude dagoeneko batzordeak, eta horiexek izan dira protagonista.

2020ko edizioa pandemiak mugatuta egon bazen ere, hirugarren edizioan bete-betean heldu nahi diote berriro ere euskararen aldeko nazio mailako ariketari. Jakina denez, euskaltzaleak aktibatzea eta hizkuntza ohituretan eragitea da egitasmoaren xede nagusia. Bada, horren baitan, dagoeneko ezagun bilakatu diren Ahobizi edo Belarriprest rolak hautatu ahal izango dituzte norbanakoek. Gainera, erakunde, saltoki, talde eta abarrek ere Arigune bezala parte har dezakete, euren burua euskaraz jardun ahal izateko gune gisa aurkeztuta. Nabarmentzekoa da urriaren 31ra arte egongo dela zabalik horretarako izen-ematea, eta ahobizi eta belarriprestek Euskaraldiaren hasierara arte izango dute horretarako aukera.

Bada, asteburuko aurkezpena hamabost egun iraungo duen ariketa horretarako beroketa izan zen, baita izena eman ez dutenei hala egin eta euskararen aldeko konpromisoa hartzera animatzekoa ere.

Auzorik auzo, euskararen alde antolatuta

Auzorik auzo eratutako batzordeetako hainbat kide bertaratu ziren Santiago Plazara, eta jendaurrean partekatu zituzten aurreko edizioetan eskuratutako lorpenak, baita aurtengorako beren buruei ezarri dizkieten erronkak ere.

Hala, Santutxuko ordezkariek aipatu zuten “euskal komunitatea identifikatu” ahal izan zutela aurreko Euskaraldian: “Santutxuk badu euskaraz hitz egiten denaren fama-edo, eta halaxe da. Baina batzuetan ez dakigu ea alboan dugunak badakien euskaraz edo ez. Eta hamabost egun horietan lortu genuen behintzat euskaraz hitz egiteko guneak eta geuretzako arnasgune horiek identifikatzea”. Nabarmendu zuten, bestalde, bezperan auzoan egindako aurkezpenera jende ugari bertaratu zela, eta, hain zuzen ere, komunitate hori “sendotu eta zabaldu” gura lukete aurrera begira, bai Euskaraldiko hamabost egunetan, baita aurrerantzean ere.

Uribarri aldean ere eratu dute taldetxoa, eta, haien kasuan, laburki azaldu zuten aurtengo helburua: “Auzoa dantzan jartzea”.

Deustualdeko lagunak ere igaro ziren mikrofonoaren aurretik, eta haiek landu gura dutenaren berri eman zieten ikus-entzuleei: “Deustualdearen baitan sartzen dira Deustu, San Inazio, Ibarrekolanda, Erribera eta Arangoiti. Bada, gure helburua, eta erronka nahiko potentea da , horien guztien artean nolabaiteko sarea sortzea eta euskal dinamikak sortzea da.

               

Amaitzeko, Indautxuarrek azpimarratu zuten, beste urte batzuetan bezala, “Euskaraldian sortzen diren sinergiak urtean zehar egonkor manten daitezen bilatzea” izango dela euren zeregin nagusia aurtengo Euskaraldian. “Indautxun euskaldunak egon badaude, eta egonkortasun hori landu nahi dugu, taldea urtean zehar ere martxan egon dadin”.

Auzotarren bizipenak ez ezik, bertaratuek  Haizea Telleriak Euskaraldiari jarritako bertsoak entzun ahal izan zituzten zuzenean, eta Gorka Suaia eta Tejeren musikak borobildu zuen ekitaldia. Ostean, Alde Zaharrean barrena joan ziren triki-poteoan, giro ederrean.