Bilbon jokatuko da Euskal Pilotako 2030eko Munduko Txapelketa

uriola.eus 2022ko urr. 27a, 17:24

Pilotariek Euskal Selekzioarekin jokatzeko akordioa lortu den aste berean, Miarritzen egin den Nazioarteko Federazioaren batzarrean Bilbo izendatu dute XXI. munduko txapelketaren egoitza gisa. Era berean, Xavier Cazaubon presidente berrizendatu dute.

Lehen aldiz helduko da Euskal Pilotako munduko txapelketa Bilbora. Gaur, Miarritzen Nazioarteko Federazioak egindako batzarrean onartu dira XX. edizioko eta XXI. edizioko egoitzak. 2026an bederatzigarren aldiz joango da Ameriketara eta lehen aldiz Argentinara eta 2030ean hamargarren aldiz Euskal Herrira. Bilbok, Gernikarekin banatuko du egoitza. Asmo hau ez zen jakina, Baina Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultur, Euskara eta Kirol diputatuak aurkeztu du proiektua, eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren babesa jaso du.

Kointzidentzia edo ez, aste honetan EAJ-PSE-k osatzen duen talde politikoak, akordio batera heldu zen Espainiako Gobernuarekin onartzeko bidean dagoen Kirolaren legean zuzenketa bat egiteko. Horren bidez, Pilotariak Euskal Selekzioarekin jokatzeko aukera izango dute, lehen aldiz. Argentinako edizioan izango zen Euskal Selekzioak parte hartuko lukeen lehenengo aukera eta Bilbon haien publikoaren aurrean jokatuko lukeen lehen aldia.

Aurten, 2002an Iruñean jokatu zenetik lehen aldiz bueltatu da txapelketa Euskal Herrira eta 2030ean Euskal Autonomia Erkidegoan lehen aldiz jokatuko da 1986an Gasteizen jokatu zenetik. Bizkaiko hiriburua, Iruñearekin batera estatuko frontoirik handiena dauka. Izan ere, Miribillako frontoiak 3.000 ikusleentzako lekuak ditu eta trinketeak 458 pertsonarentzako tokia dauka. 

Gaur ere, Xavier Cazaubon mexikarra berrautatu dute Federazioko presidente gisa. Izan ere, aurkeztu zen bakarra izan zen. Jakin beharko da, presidenteak zer iritzi izango duen Euskal Selekzioaren partaidetzari buruz. 

Pilotari asko biltzeko aukera

Guztira 91 izan dira jokalari euskaldunak Miarritzeko munduko txapelketan. Gehienak Frantzia eta Espainiako selekzioekin jokatzen ari dira eta beste batzuk, AEB, Txile eta Kanadarekin. Beraz guzti horiek Euskal Selekzioan batzeko aukera izango lukete.

Aitor Erauzkin Euskadiko Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoa zuhur agertu zen erabakiarekin: "Aurrerapauso hori egia bihurtzeko lan handia falta zaigu oraindik". Lan handi horren barruan geratuko da jakitea zer gertatuko den Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko kirolariekin.