Xabier García Mazo patinatzailea bigarren geratu da Europako txapelketan

uriola.eus 2022ko urr. 28a, 13:56

Irrisbizi Irristaketa Artistikoko klubeko kirolaria, zilarrezko domina lortu du Italian izan den Europako gurpil gaineko irristaketa txapelketan. Bilbo eta Euskal Herriko lehen patinatzailea da nazioarteko txapelketa batera heltzen dena. Estilo librean parte hartu zuen.

Kirol minoritario eta ez oso entzutetsua izan arren, zilarrezko domin bat ekarri du Bilbora. Xabier García Mazo, Irrizbizi taldeko kirolaria, lehen aldiz sailkatu zen Europako txapelketa batera eta urriaren 15ean bere debutean zilarrezko domina eskuratu du gazte kategorian. Lortutako 100,47 puntuak bigarren postua eskuratzeko balio izan zitzaizkion. Lehena Pietro Alinari izan zen 122,48 punturekin.

García Mazok, bederatzi parte hartzaileren artean lortu zuen ekintza gogoangarria. Bere familia, lagunak, koreografoa eta entrenatzaileak bibaka aritu dira Italiako patinaje pistan epaileek bilbotarraren jokabideari puntuazio altua jartzen zioten bitartean. Nabarmentzekoa da gazte patinatzailea duela 6 urte besterik ez zen hasi diziplina honetan eta oraindik hobetzen jarraitzeko marjina handia dauka.

Sare sozialetan adierazi duen moduan Xabier Garcíak ez du sinesten lortutakoa: "Denboraldi hasieran ez nukeen sinetsiko horrela amaituko nuela esan izan balidate, eta ezin naiz lan guztiaz harroago egon". Bere helburua txapelketara sailkatzea zen baina ez hainbeste lortzea, horregatik "amets" moduan deskribatu du. Irrisbizi patinaje taldea berataz eta lortutakoaz "harro" agertu da sare sozialetan.

Epe laburreko lorpena

García Mazok lortutakoa lan gogorraren saria izan da, baina epe laburrean lortutakoa. 2016an sortu zen Irrisbizi eta urte berean sartu zen bilbotarra diziplina hau frogatzera. Zazpi pertsona besterik ez ziren egon klubaren hastapenetan. Jada 2019an, Espainiako txapelketara sailkatzea lortu zuen; bilbotar bat Euskadiko selekzioarekin parte hartzen zuen lehen aldia.

Bi urte baino gutxiagoan lortu zuen maila guztiak gainditzea eta Euskadiko txapelketa irabaztea haur-kategorian. Lorpen handia izan arren ez zen hor geratu eta Europako txapelketara heltzeko kapaza izan da eta batek daki noraino heldu daitekeen.

Txapelketara heltzeko zailtasunak

Sailkapena lortu arren, bidea ez da erreza izan Italiara heltzeko. Txapelketen, entrenamenduen, materialaren, bidaien eta entrenatzaileen dieten gastua familiak ordaindu behar zituen eta kalkulatutakoaren arabera 3.000 euro izango ziren. 

Gastu honi aurre egin ahal izateko, bere klubak, Irrisbizi, kanpaina solidario bat martxan jartzea erabaki zuen, familiarekin, entrenatzaileekin eta lagunekin batera. Bere garaian artilezko panpina dantzari batzuk jarri zituzten salmentan 10€-gatik eta donazioak egiteko aukera zabaldu zuten. Gainera kontuan hartu behar da, Bilboko kiroldegi askok ez dutela instalazio gehienek ez dituzte betetzen eskatzen diren baldintzak.