Zilarrezko domina historikoa lortu du Iker Sastrek Granadako munduko txapelketan

uriola.eus 2022ko aza. 9a, 15:53

Iker Sastre, Miguel Angel Toledorekin batera txapelketaren partida batean

Miguel Angel Toledorekin batera bigarren geratu da binakakoan. MD4 klasean zilarrezko domina lortzen duten aurrenekoak dira. Finaleko azken set-a 7-11 galdu zuten Jin Cheol Park eta Soo Yong Cha hegokorearren aurka. Gaur hasiko du banakako txapelketa.

Iker Sastre mahai teniseko jokalariak lorpen historikoa gehitu dio bere denboraldiari. Granadako mundu txapelketan bigarren geratu da Miguel Angel Toledorekin batera, final laurdenak eta finalerdiak 3-0 eta 3-1 irabazi ostean, hurrenez hurren. Finalean, lehen set-a galdu ostean hurrengo biak irabazi zituzten, baina hegokorearrek buelta eman zioten partidari 3-2 irabazteko. Estatu mailan kategoria honetan munduko txapelketan urrezko domina lortu duten lehenak izan dira.

Final laurdenetan Guillermo Bustamante eta Fernando Eberhardt argentinarrak garaitu zituzten 11-3, 11-4 eta 11-8. Horren ostean, finalerdietan galtzen hasi ziren Tokion brontzea lortu zuten Rafal Czuper eta Tomasz Jakimczuk poloniarren aurka. Baina zutitu eta partidari buelta eman zioten hiru joko estu irabazi eta gero (11-7, 11-8 eta 11-9). Finaleko garaileak, Joko Olinpikoetako txapeldunordeak dira eta txapelketa bereko final laurdenetan Sastre eta Toledo irabazi zituzten.

Bikote bikaina osatzen dute Sastrek eta Toledok eta beste behin erakutsi dute Andaluzian. Hasieran, Miguel Angel Toledok ez zuen munduko txapelketan parte hartzeko txartelarik baina Olksandr Yezyk ukrainarraren lesio baten ondorioz, Granadan egon ahal izan da zilarrezko domina lortzeko. 2015 eta 2019ko Europako txapelketetan, brontzea lortu zuten eta aurreko munduko txapelketan bosgarren geratu ostean, lorpen handia lortu dute aurten.

Denboraldi bikaina

Domina honek amaiera bikaina ematen dio Ikes Sastreren denboraldi ikusgarriari. Maiatzeko Parisko irekian urrea lortu zuen, Montenegroko Irekian bi brontze eta Txekiar Errepublikako Irekian taldeka urrea irabazi zuen. Zilarrezko dominaren ostean, banaka beste domina bat lortzeko aukera izango du gaurtik aurrera. 18:15etan Perlic Goran serbiarraren aurka jokatuko du final hamaseirenetan. Partida Nazioarteko Mahai Teniseko Federazioaren Youtube kanalean ikusi ahalko da.

Garaipenetik hurbil egon direla onartu du Bilboko mahai tenis jokalariak baina pozik geratu da emaitzarekin: "Zilar gozoa da eta kutsu garratza duen arren, Munduko txapeldun izatetik oso gertu egon garelako, inoiz imajinatu ez dudan titulutik oso gertu. Hala ere, ez nuen uste zilarra irabaziko genuenik, eta oso pozik nago horregatik".