Euskaraz hitz eta pitz Berbagunean

P. Martinez eta M. Txintxurreta 2022ko aza. 9a, 16:02

Bederatzigarrenez egiten ari dira gaur, goizetik arratsaldera arte, herritarrak mahaiaren bueltan euskaraz berbetan jartzea helburu duen ekimena. Askotariko jendea animatu da parte hartzera: gazteak, nagusiak, euskara ikasten dihardutenak, betidanik hitz egiten dutenak... denak ere lagunarteko giro ederrean.

Lau txandatan banatuta, mila parte-hartzailetik gora izango ditu aurtengo Berbaguneak. Alondegian jarri dituzten mahaietan banatuta, askotariko gaiak izan dituzte mintzagai. Parte-hartzaile bakoitzaren euskara maila gorabehera, geure hizkuntzaren erabilera bultzatu eta euskara kalera ateratzea izan da antolatzaileen helburua, eta hitzordua ezin arrakastatsuagoa izan da. Pandemiak azken bi urteetan ekimena aurrera eramatea galarazi duenez, gogotsu hartu dute oraingoan herritarrek. Gainera, musikaz lagunduta egon da ekitaldia, eta Jon Gomez Garai kazetaria aritu da aurkezle lanetan.

Goizean zehar hiru txanda egin dituzte, horietako bakoitzean 300 pertsonatik gora bildu direlarik. Azken txanda, berriz, arratsaldean izango da, 17:00etatik 18:00etara, eta horrekin batera amaituko da aurtengo Berbagunea.