Bilboko Udalak aurkeztutako 2023ko aurrekontuen proiektuak kritikak jaso ditu azken asteetan alderdi batzuen aldetik eta baita ere, auzotarren aldetik. Auzo Elkarteen Federazioak, komunikatu baten bidez salatu du "zor handiko aurrekontuak" direla auzo-mugimenduarekin eta hainbat arlo aipatu dituzte argudio gisa.
Hasteko, adingabe eta gazteei zuzendutako proiektuak faltan bota dituzte: "Harrigarria da ikustea nola jarraitzen duten izoztuta gure auzoetan garatzen diren adingabe eta gazteak gizarteratzeko proiektuetara bideratutako partidak". Era berean, gizarteratzeko eta aukera-berdintasuneko proiektuetan dagoen inbertsio eza gaitzetsi dute.
Izoztuta, edo gutxieneko igoera, zainketa- eta erantzunkidetasun-politikentzako programetarako partidak izan dute, edota haur-eskoletara bideratutakoak, Auzotarren Federazioaren salaketaren arabera. "Haur-eskolen doakotasunari buruz egindako iragarpena, uste dugu beharrezkoa dela aurrekontuetan horiek sortzeko eta gaitzeko partidaren gehikuntza islatzea", gaineratu dute.
Era berean, osasun komunitariorako proiektuetarako partidak "izoztuta" jarraitzen du Federazioaren arabera. Osasuna ere, gauez atseden hartu ahal izatea da, baina gaueko aisialdiaren zarataren aurrean babes akustikoaz ahaztu direla kritikatu dute: "Aurrekontu hauetan jasota egon behar duela uste dugun herritarren zati handi batek behin eta berriz aldarrikatzen du partida hori".
Kultura ere, aipagarri izan dute haien komunikatuan. "Hiriaren erdigunera mugatzen duen eredu zentralizatua" da Bilborena eta auzoetako jaiak eta kultur jarduerak antolatzen dituzten batzordeek azken urteetan eskatutako laguntzeei erantzuten ez zaiela salatu dute. Garapen ekonomikoa ildo berean doala aipatu dute; auzoen lana kontuan hartu gabe: "Nazioarteko ekimenak sustatu beharrean, gure tokiko merkataritza indartzea helburu duten proiektuak dira. Uste dugu ez dagoela Bilboren nazioarteko irudi hoberik, gure hiribildua hiri urbanistiko eta sozialki kohesionatu gisa erakustea baino".
Mugikortasuna
Hirian pil-pilean egoten den gai bat da eta aurrekontu hauetan ere agertu da. Bizikleta bidezko mugikortasuneko azpiegituretara bideratutako partida 200.000€ inguru murriztu dela gogoratu dute eta horrek auzoak lotzeko "mugikortasun atsegin eta jasangarria egituratzeko apustu eskasa" dela salatu dute. Salaketa horretan, metroko L4 linea egiteko "borondate eskasa" salatu dute.
Aldaketa aipagarriak
Dena ez dira kritikak izan eta Bilbo Zaharrean emakumeak ahalduntzeko gune bat sortzea eskertu dute: "Espero dugu eremu horrek feminismoaren aldarrikapen historikoari erantzutea, gure hirirako Emakumeen Etxea sortzeko". Era berean, Zorrotza auzo bitan banatzen duen tren-lubakiarekin amaitzeko asmoa jasotzea eskertu dute.