Harresirik gabeko mundua amets

uriola.eus 2022ko aza. 10a, 16:21

Atzoko mobilizazioaren amaiera (Argazkia: OEE)

“Munduan okupatuta dauden lurraldeetan edota muga ezberdinetan 60 harresi baino gehiago daudela” gogorarazi zuten atzo egindako mobilizazioan. Bada, hori irudikatzeko, Atxuriko kantxak inguratzen dituzten hesietaraino joan ziren, ikusarazteko geure hirian bertan ere badirela “muga fisiko arrazistak”.

“Egitura fisikoez gain, herrialde batzuek beren mugak militarizatu dituzte tropak, itsasontziak, hegazkinak, dronak eta zaintza digitala hedatuz; eta lurra, itsasoa eta airea patruilatuz. Gainera, mugak ez ezik, lurralde eta hiri handietako periferiak ere kontrol sozial neurrien menpe daude”, adierazi zuten atzo, Harresien Aurkako Nazioarteko Egunean, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria eta BDS Bilbo taldeek deitutako manifestazioaren amaieran.

Atxurin izan zuen helmuga mobilizazioak. Izan ere, kontuan izan behar da aurtengo urtarrilean bertako kantxetan, migratutako hainbat pertsonak gaua igarotzen zuten lekuan, harresiak jarri zituztela gauez inor ez sartzeko. Halako ekintzek “batzuen pribilegioak eta boterea babestu eta beste pertsona batzuen Giza Eskubideak eta duintasuna ukatzen” dituztela salatu zuten.

Palestinako harresia da egungo ezagunetarikoa, 700 km baino gehiago dituena, eta horren kontra ere egin zuten deitzaileek, gogorarazi zutelarik “herriak, familiak eta Palestinako lurrak” banatzen dituela.

Segurtasun industriaren gorakada

Halako hesiek, izan fisikoak zein teknologikoek, negozioa ere izaten dute atzean, atzokoan azaldu zuten moduan. Bada, horren guztiaren atzean euskal enpresa eta erakundeek duten erantzukizuna gaitzetsi zuten: “Ezin dugu ahaztu CAF euskal tren-enpresa, Beasainen egoitza duena eta Eusko Jaurlaritza akzionista duena. Enpresa hau Palestinako lurralde okupatuan tranbia-linea bat eraikitzearekin ez pozik, lerro eta azpiegitura gehiago eraikitzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Linea eta azpiegitura horiek, biztanleriaren komunikazioan hobekuntza gisa saltzen dituzten arren, harresien funtzioa betetzen dute eta Israelgo estatuaren apartheid proiektu arrazistari babesa ematen diote”.

Bestalde, segurtasunaren industria izaten ari den gorakada “beldurraren hizkuntza” darabilen narratibaren ondorio dela uste dute OEEk, BDS-k eta SOS Arrazakeriak. Manipulazioaren bidez, jendea “benetako kausetatik aldendu” eta “gorroto-diskurtsoak eta -delituak elikatzen” omen ditu.