Festa bat izango da larunbateko euskal derbia

uriola.eus 2022ko aza. 16a, 10:27
Bi entrenatzaileak eta kapitainak San Mameseko soropilean (Argazkia: Athletic Club)

Athletic Plaza proiektuari jarraipena emango zaio Athletic eta Realaren partidaren atarikoan. Bertsoderbia, Fan Zonea, musika edo gastronomia izango dira nagusi besteak beste. Euskaraldiari babesa emango zaio partidan.

Athletic eta Realaren arteko larunbateko derbia berezia izango da. San Mamesen jokatzera ohituta daude Iraia Iturregi eta Natalia Arroyoren taldeak, eta aurten bertan bueltan dira bederatzigarren jardunaldian. Hiru puntu besterik ez daude bi taldeen artean sailkapenean eta partida polita eta giro aparta espero dira zelaian. Horretarako Athletic-ek Villarrealen aurka hasitako Athletic Plazari jarraipena emango dio eta gainera Euskaraldiari babesa emateko ekintzak egongo dira. 

12:00etatik aurrera hasiko dira ekintzak eta partida hasi baino ordu bat lehenago amaituko dira. Egun osoan zehar Fan Zon bat egongo da eta ekitaldi nagusietakoa Bertsoderbia izango da, derbietan 2012tik nagusitzen dena. Gazte zein helduentzako esperientziak egongo dira. Euskararen erabilera bultzatzea eta berdintasuna sustatzea dira helburu nagusiak. "Emakumeen kirolaren zale eta euskaltzaleen topaketa" bihurtu nahi dute eguna.

San Mameseko zabaldegiaren ezkerraldean, Euskaraldiaren eta #Berdinaldiaren karpak jarriko dira.  Ondoan, giza futbolin bat, bonbonera bat, erregate-pista bat, eSports, hiru puzgarri, pintakarak, txapa tailerra, sarien errulera eta bi food truck jarriko dira. Beste aldean lau food truck eta bi txosna egongo dira. Erraldoiak eta zanpantzarrak, haurrentzako emanaldia 13:00etatik 14:00etara (Kantu kolore), erromeria Bizkai Folklore Elkartearekin (14:00etatik 15:00etara), Bertsoderbia (17:00etatik 18:00etara) eta musika giroa eta txaranga (18:00etatik 19:00etara) izango dira. 

Euskaraldiari babesa

Ostiralean, Euskaraldiaren hirugarren edizioari hasiera emango zaio, eta San Mamesek indarra emango dio larunbatean. Bi klubak, euskararen bozgorailu izango dira azaroaren 19an eta ekitaldi berezia prestatuko dute partidaren hasiera. Izan ere, historian zehar euskara sustatzen duten bi talde dira eta gaurko prentsaurrekoan argitu bezala, hizkuntza nagusia da bi taldetako plantilletan. 

Nerea Ortiz, Athletic-eko presidenteordeak ekintza honen garrantzia azpimarratu du: "Euskara eta berdintasuna uztartzeko aukera ezin hobea da, Zuzendaritza Batzorde honek konpromiso sendoa baitu horiekiko. Athleticeko eta Realeko bazkide eta zale guztiak animatzen ditugu euskararen aldeko ekitaldi honetara etor daitezen”. Halaber, Joseba Ibarburu, Realaren presidenteordeak ildo beretik jarraitu du: "Euskaraldia elkarrekin babestea oso garrantzitsua da. Ahal dugun guztian laguntzen saiatuko gara”. Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaileak "inertziak hausten eta aurrerapausoak ematen lagunduko duela" uste du.

Partidaren inguruan, bi kapitainak eta bi entrenatzaileak hitz egin dute. Iraia Iturregi, entrenatzaile zurigorriak, giro ona espero du, behar duten "bultzada hori" jasotzeko. Era berean, Garazi Muruak, partidaren garrantzia azpimarratu du: "Derbia denboraldiko partidarik berezienetako bat da eta, San Mamesen eta Euskararen alde jokatzen badugu, are gehiago. Entrenamenduetan sumatzen da, topera gaude. Zaila izango da, baina egunaz eta agertokiaz gozatzen saiatuko gara hiru puntuak eramateko".