Hasi da Euskaraldia!

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko aza. 18a, 09:50

Goizean goizetik dagoeneko badabil jendea kalean ahobizi edo belarriprest txapa jarrita. Atzo egin zuten bezperako ekitaldi handia Alondegian, hamabost eguneko ariketa kolektiboa abiatzeko ordu batzuen faltan.

Hitzez ekiteko garaia iritsi da, gaur bertan hasi baita Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Norbanakoek ez ezik, Ariguneek ere ikusgai jarri dituzte beren identifikagarri laranjak, adierazteko lokala, denda, lantegia edo dena delake euskaraz lasai aritzeko gunea dela. Abenduaren 2ra bitartean euskaraz edonorekin, edonon eta edonoiz jardutera animatu dituzte herritarrak, eta ariketa amaitu ostean ere hizkuntza ohituretan zenbait aldaketa eragitea litzateke azken xedea, antolatzaileen esanetan.

Euskal Herriko hiriburuetan hasiera ekitaldi berezia egin zuten atzo iluntzean, Euskaraldiaren bezperan. Bilboren kasuan, Alondegian bildu ziren ehunka ahobizi eta belarriprest, elkarrekin txapa jarri eta, bide batez, antolatzaileek prestatutako ikuskizunaz gozatzeko. Patxo Telleria eta Nerea Mazo aktoreak aritu ziren aurkezle lanetan, eta umorerik ez zen falta izan. Besteak beste, lehenengo bi Euskaraldietan jasotako irudiekin nahiz Bilboko euskalgintzaren jardunarekin lotutako irudiak biltzen zituen bideoa proiektatu zuten, baita belarriprest eta ahobizi izango diren hiritar banaren bideotxo laburra, aurtengo beren asmoak azaltzen.

Hori gutxi ez, eta dantzaz eta musikaz alaitu zuten hitzordua. Hala, Ibarrekolanda institutuko neska-mutilek Euskaraldiaren abestiarekin dantzatzeko prestatu duten koreografia dantzatu zuten. Yogurinha Borova ere bertan izan zen ekitaldiari kolore ukitua ematen, eta Inun musikariak txaloka eta dantzan jarri zituen bertaratutako guztiak. Giro aparta, beraz, indarrak bildu eta abenduaren 2ra arte luzatuko den ariketa bereziaren abiapuntu gisa.

Hilaren 26an Biziprest eguna

Ariketa guztian zehar euskararen erabilera eta euskaldun guztien arteko topaketa bultzatu nahiko lukete antolatzaileak, eta era kolektiboan jarduteko norbanakoak ahalduntzea ere bai. Horri lotuta, lagunarteko giroa izango da nagusi azaroaren 26rako, larunbata, antolatu duten Biziprest egunean.

Ariketaren erdi-erdian egingo dute egun berezi hori, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Tartean, herri bazkaria egingo dute Jesuitak Indautxuko ikastetxeko frontoian. Prezioa 15 eurokoa izango da helduentzat, eta 10 eurokoa haurrentzat, eta esteka honetan izena eman behar dute bertaratu nahi dutenek. Menua honako hau izango da: Helduentzako menu orojalea eta menu beganoa egongo dira aukeran, eta haurrentzako menu berezia ere egongo da.