Ezinean ibili da Athletic San Mamesen

uriola.eus 2022ko aza. 21a, 17:50

Lehen gol berantiarrari aurre egin bazioten ere, bigarren golak eta atsedenalditik bueltan Gabyk sartutako hirugarren golak, aukera gabe utzi zuen Iraia Iturregiren taldea. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, 22.412 pertsona batu ziren San Mamesen berdintasunaren eta euskararen aldeko festan. 

Reala San Mamesen gailendu da beste behin. Natalia Arroyoren neskak erosoago egon ziren zelaian lehen minututik eta Gabyren bi golei eta Amaiurren beste bati esker, hiru puntuak Donostiara joan ziren. Jone Amezagak partida berdintzea lortu zuen 16. minutuan baina ez zen nahikoa izan. Gabyk 20 minutu beranduago talde txuri-urdina aurretik jarri eta 48. minutuan sartutako golarekin partida erabakita utzi zuen.

Eguraldiak ez zuen lagundu Euskal Derbiaren festan baina jendea San Mamesera hurbildu zen. Partidaren atarikoan, zelaiaren zabalgunea ekintzaz beterik egon zen Athletic Plaza ekimenari esker. Berdintasuna eta euskara, Euskaraldiaren bitartez, eguneko aldarri nagusiak izan ziren. Ordua hurbiltzen zihoan bitartean harmailak betetzen joan ziren eta guztira 22.000 pertsona baino gehiago batu ziren. Hala ere, emaitzak eta partidak hotz utzi zuen giroa hasieratik. 

Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegi erasoan nagusitu ziren lehen minututik eta donostiarra lehen aukera garbia izan zuen. Lehenengoan ez zuen lortu baloia atean sartzea baina bigarrenean ez zuen huts egin. Eizagirreren pase bikain bat botaren puntarekin jo eta Mariasun Quiñones gainditzea lortu zuen. Athletic-en erantzuna azkar heldu zen eta Jone Amezagak, San Mameseko debutean, eskuin hegaletik Ana Tejada gainditu ostean, gola sartu zion Nanclaresi. Gutxirekin berdinketa jarri zuten zuri-gorriek San Mameseko animoa igotzeko. Izan ere, herri harmaila giro ederra eman zion partida osoari. 

Berdinketa lortu arren, partidaren kontrol erabatekoa izan zuen Realak. Arroyoren taldea eroso ibili zen soropil gainean eta baloiaren atzetik korrika mantendu zuen Athletic denbora osoan. Bigarren gola Gabyk lortu zuen. Area barruan Valdezate baino gogorrago ibili zen eta baloia eraman ostean erraz lortu zuen gola. Zailtasun gehiago izan zituen etxeko taldeak horren ostean. Adriana Nanclaresen areara heltzeko zailtasun handiak izan zituzten Realak jabetza mantentzen zuen bitartean. 

Hirugarren gol mingarria

Atsedenalditik bueltan Mariana Cerro sartu zen erdigunean, partidaren jabetza aldatzeko baina hirugarren gol batek, Iraia Iturregiren plan guztiak apurtu zituen. Korner batean, Eizagirrek baloi galanta jarri eta Gabyk bere altuera baliatu zuen markagailuan 1-3 jartzeko. Kolpe handia izan zen lehoientzat eta hortik aurrera zailtasun handiak izan zituzten. Ainize Barea "Peke" zelai barrura sartu arte ez zen ezer aldatu, baina ez zen nahikoa izan. Ane Azkonak markagailuan hurbiltzeko aukera izan zuen baina azkenean Realak hirugarren derbia segidan irabazi zuen.

Athletic, bi garaipen lortzetik zetorren arren, zailtasunak erakutsi zituen berriz ere goiko taldeen aurka. Talde gaztea atera zuen berriz ere Iraiak eta apurka-apurka kohesioa lortzen ari da, baina emaitzek ez dute laguntzen. Hiru garaipen bakarrik lortu ditu bederatzi partidetan eta hamargarren postuan dago momentu honetan. Naroa Uriarte eta Garazi Muruaren faltan defentsa ez dabil fin eta gol gehien jaso dituen laugarren taldea da. Gainera, 10 gol besterik ez ditu lortu eta Lucia Garcíaren falta nabaria izaten ari da. Sei partida falta dira lehen itzulia amaitzeko eta erabakigarriak izango dira norabidea aldatu nahi badute.