Kalera, indarkeria matxistari aurre egitera

uriola.eus 2022ko aza. 22a, 10:10

Argazkia: Bilbo Feminista Saretzen

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako eguna izango da ostirala, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du, 19:00etan Jesusen Bihotzetik hasita. Honako hau da aurtengoan erabiliko duten leloa: Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! 

Egindako agerraldi publikoan nabarmendu dutenez, indarkeria matxistak hainbat eta hainbat forma izan ditzake, eta horiek guztiak gaitzetsiko dituzte, biolentzia instituzionaletik hasi eta aurtengo udan hainbat herri eta hiritako jaietan egondako ziztadetaraino. “Aurreko urtetik gaur arte ezer gutxi aldatu da egoera; indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen du. Sistema heteropatriarkal kapitalistak gure bizitzak kolpatzen jarraitzen ditu”, diote deitzaileek. Hori dela eta, beste behin ere behar-beharrezkotzat dute kaleak hartu eta gaitzespen erabatekoa adieraztea.

Bada, indarkeria horri guztiari aurre egiteko bidea antolatuta jarraitzea eta borrokatzea dela berretsi dute: “Gure arteko sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu, gizonak interpelatu eta sistema errotik aldatzeko bideak eraiki”. Ildo beretik, autodefentsa feminista aldarrikatu dute tresna gisa, eta gizonezkoei euren ardura hartzeko eskatu diete. “Utzi erasotzaile izateari eta konplize izateari”, esan gura izan diete, eta azpimarratu dute azaleko diskurtsoek ez dutela balio praktikan ezer ere aldatzen ez bada.

Bilbon ez ezik, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan ere antolatu ditu manifestazioak Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta herririk herri ere hainbat deialdi egin dituzte ostiralerako.

Emakume langileen antolakuntzarako deia egin du Itaiak

Bestalde, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, Itaiak, manifestazio propioa deitu du, ordu berean, 19:00etan, abiatuko dena Indautxu plazatik. Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki leloa hautatu dute. Izan ere, emakume langileek beren babesa “modu independentean” antolatzeko beharra dagoela uste dute, instituzioen baliabideek biolentzia hori gainditzeko borondaterik eta gaitasunik ez dutelako. Hain zuzen ere, horren gain jarri dute fokua berriki aurkeztu duten kanpainan.