Gabonek Bilbo ilusioz, aisialdiz eta kulturaz beteko dute datorren hilabetean

uriola.eus 2022ko aza. 24a, 13:18

Erripa Kaia eta Areatza izango dira nagusi. Txiki eta gazteentzako ekintzak, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak, kultur programazioa, aisialdia eta gabonetako argiztapena egongo dira abendu osoan zehar eta urtarrilaren hasieran.

Bilboko gabonak auzo guztietako kaleetara helduko dira urtarrilaren 8ra arte. Magiaz, argiz, aisialdiz eta kulturaz beteko da uria urteko garai berezi honetan. Areatzan eta Erripa kaietan, izotz pista, sei erreiko txirrista, txikigunea eta 20 etxolako gabonetako azoka egongo dira. Horrekin batera, Olentzero eta Mari Domingi bueltatuko dira, eta arte eszeniko, euskal folklore, musika, ondare historikoa eta literatura programazioa egongo da argiztapenaz gainera. 

Izotz ekologikoko pista, sei erraietako txirrista eta txikigunea gaurtik aurrera egongo dira irekita urriaren 8ra arte eta azoka abenduaren 2an irekiko da. Gazteentzako beste bi momentu bereziak abenduaren 23, 24 eta urtarrilaren 5ean izango da. Lehen egun horretan, Olentzero eta Mari Domingik galtzagorriekin batera, 18:00etan agurra egingo dute Carlton hoteletik eta ostean kalejira egingo dute. Hurrengo egunean harrera egingo diete umeei. Meltxor Gaspar eta Baltasarrek kabalkada egingo dute urtarrilaren 5ean. 

Kulturaren programazioa zabala izango da hilabete eta erdian zehar. Arte eszenikoen aldetik, antzerkia, klowna, zirkua, magia, bakarrizketak, bat-batean asmatuak eta ipuin-kontalariak egongo dira hainbat auzoetako udaltegietan. Gazteentzako eskaintza ere egongo da. Kultura programazio horren barruan, euskal kulturak bere tokia izango du: euskal dantzak, dantzaldiak eta kalejirak. Bestalde, abenduaren 15ean, Deustuko Udaltegian, bertsolaritza saioa egongo da, Haizea Arana, Maddi Aiestaran eta Maite Sarasolarekin. 

Musikarekin jarraituz, hainbat auzotako elizatan egongo dira abesbatzak eta azaroaren 25etik, urtarrilaren 4ra arte era bateko eta besteko musika-proposamenak izango dira. Alde batetik, Gabonetako Abesbatza Kontzertuak egongo dira eta beste alde batetik kontzertuak. Elizez gainera, beste leku batzuetan egongo da musika. 

Ondare historikoari dagokionez Argazkineta ekimenak Argazkineta Show ikuskizuna eskainiko du Abusuko auzotarrekin hilabete hauetan bildutako oroitzapenekin. Abenduaren 13an izango da, Abusuko Artzain Onaren Elizan. Literaturarekin hitzordua ez da faltako gabonetan, Bidebarrieta Liburutegian. Zientziaren inguruko mintzaldiak, poesia errezitala, liburu aurkezpenak, topaketak gaurkotasunarekin eta XXI. mendean Euskal Literaturarekin berriketan izeneko zikloa. Gainera, Abando udaltegian, Txani Rodríguez eta Mónica Crespo idazleak hitzaldia emango dute. 

Ekitaldi gehiago

Musika-Música Jaialdiak musika klasikoko ziklo bat aurkeztuko du berrikuntza gisa, musika-música#pre2023 izenarekin. Abenduaren 13, 14 eta 15ean izango da 19:00etan, Azkuna Zentroan. Arriaga Antzokian, abenduaren 19an, gospel kontzertua egongo da. Abenduaren 22an Mesias obra ikusi ahalko da eta ume eta familientzat hiru ikuskizun egongo dira. Abenduaren 26an, 27an 29an eta 30ean. 

Azkuna zentroan hainbat erakusketa egongo dira eta Bilbao Musikak garai honetako programazio ohikoa izango du. Musika Eskolaren Gabonetako Kontzertua, abenduaren 19an, eta Txistularien Udal Bandaren kontzertua. Berreginen Museoak haurrentzako gabonetako tailerra aurkeztuko du. 6 eta 10 urte bitarteko umeak abenduaren 27, 28 eta 29an, 10:00etatik 13:00etara.

Azkenik, kirol programak egongo dira. Alde batetik 26an eta 27an urtarrilaren 5era arte hainbat auzoetan zehar eta beste aldetik GazteKLUBA GABONAK 500 plazarekin. Azkenik, Hala Birala! programa egongo da abenduaren 26, 27, 28 eta 29an. Ekintza eta programa guztiak txosten bateratu batean aurkitu ahalko dira.

Gabonetako argiak

Aurten aste bat atzeratu dute hauen piztea eta azaroaren 30etik aurrera ikusi ahalko dira. 20:00etatik aurrera 1.350.000 led argi baino gehiago piztuko dira. Urtarrilaren 8ra arte, 18:00etatik 22:00etara egongo dira piztuta. 23:00etara arte, egunenetan, zapatuetan eta jaiegun bezperetan.