Saskibaloia, guztion kirola

Pablo Martínez Canibe 2022ko abe. 7a, 13:39

Saskibaloian pentsatzean, Bilbao Basket edo Lointek Gernika bezalako taldeak etor daitezke bilbotarren eta bizkaitarren burura, baina horietatik urrunago heltzen da. Saskibaloi egokituak leku handia dauka eta Bidaideak Bilbao BSR taldea erreferentea da Bilbon. Gainera, adimen urritasuna duten pertsonentzako Bizkaiko liga sortu zen azaroan, eta indar handia hartzen ari da.

Txema Avendañok txikitatik jokatu du saskibaloian, baina hanka batean duen ezintasunaren ondorioz ezin izan zuen federatu moduan jokatu. Igeriketan hasi zen, baina 15 urterekin gurpil-aulkiko saskibaloia deskubritu zuen eta ia 20 urte geroago horretan jarraitzen du. “Gaur egun kirol egokitu asko daude eta bakoitzak nahi duena hautatu dezake”, azaldu du Bidaideak Bilbao BSR taldeko jokalariak. Aukera hauei esker, saskibaloia maite duen edonork hura praktikatzeko parada dauka. Kirol egokitua praktikatzen dutenek gurpil aulkietan jokatzeko edo adimen urritasuneko taldeetan jokatzeko aukera dute.

Kirol hauen jatorria 1918an dago, gerraren ondorioz. Alemanian, gatazkaren ondorioz hainbat itsu eta mutilatu egon ziren, eta taldetan antolatzen hasi ziren, kirola egiteko eta gerrako trauma psikologikoak gainditzeko. Gaur egun, kirolaren arlo honek, bost ezintasun mota hartzen ditu barne: adimen urritasuna, ikusmen urritasuna, entzumen urritasuna, ezintasun fisikoa, urritasun mistoa eta garun–paralisia. Guztien artean, hogei kirol batzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Boccia, goalball eta eslaloma dira kirol egokitu espezifiko bakarrak.

Beste gerra batean, bigarren mundu gerran hain zuzen ere, Ludwing Guttmanek, Stoke Mandevilleko (Ingalaterra) Medulares Ospitaleko neurologoa eta neurokirurgialariak, lehen aldiz sartu zuen gurpil-aulkiko kirola kirol egokituaren zati gisa. Aldi berean, Estatu Batuetan gurpildun aulkiko saskibaloia famatu egin zen eta joko paralinpikoen parte izan zen lehen aldiz Erroma 1960-an. Urte horretatik aurrera gorakada handia izan duen kirola da, eta kirol egokituen artean jokalari gehienetarikoa eta famarik handiena duena da. “Partida bat ikustera lehen aldiz datorrenak berriro errepikatzen du beti. Jendeak pentsatzen du lagunarteko partida bat izango dela, baina intentsitate handiko eta abilidade handiko kirola da”, azaldu du Bilbao BSR taldeko 15. zenbakiak.

Euroleague txapelketaren lorpena Sheffield-en, 2019an

Espainiar estatuan ere gorakada handia izan du, eta 2017az geroztik Europako ligarik onena da. 54. liga da aurtengoa, eta atzerritarren kopurua %50 baino handiagoa da. 2012. urteaz geroztik, Bidaideak Bilbao BSR taldea ohorezko mailan dago. Hurbileko talde batean mahai-tenisean jokatzen zuten ezintasuna zuten pertsonek sortu zuten taldea 1992an, eta urte horretan lehen aldiz lehiatu ziren, azken mailan hasita.

"Partida bat ikustera lehen aldiz datorrenak berriro errepikatzen du beti"

Mundu mailako arrakasta

Mundu osoan zehar ligak eta txapelketak ditu gurpil aulkiko saskibaloiak, eta joko paralinpikoetako egutegian toki esanguratsua du. 100.000 pertsonak baino gehiagok jokatzen dutela kalkulatzen da, denbora-pasa moduan edo talde batean. Bere edertasunak, abiadurak, indarrak zein bere ekintzen ikusgarritasunak erabat erakargarria egiten dute kirol hau. Adimen urritasuneko saskibaloiaren moduan, ohiko saskibaloiaren arau berdinak ditu. Bote bakoitzeko aulkia bi aldiz bultzatu dezakete, hori da ezberdintasun bakarra.

Jokalari guztiek parte hartzeko aukera ematen duela da gurpil-aulkiko saskibaloiaren berezitasun nagusia. Izan ere, arazo fisiko gutxien dutenek bakarrik ez jokatzeko, puntuazio sistema bat dago. Guztira 14,5 puntu batu dezakete kantxa barruan dauden bost jokalariek. 1 puntuazioa ezintasun handienerako da, eta 4,5 txikienarentzako. Txema Avendañok 4ko puntuazioa dauka, baina puntuazio gutxi dutenen lana ezinbestekoa du saskiratzeak lortzeko. “Puntuazio baxueneko jokalariak lanik zikinena egitera bideratuta daude, puntu altuak posizio on batetik botatzeko”, azaldu du Emilio Pedrinik, Bidaideak Bilbao BSR-ren eta Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioko lehendakariordeak.

Talde lan horrek oso ondo funtzionatzen du Bilboko taldean, eta 2012az geroztik Ohorezko mailan finkatuta dago. Bestalde, 2019tik hona, Euroleague (Europako bigarren txapelketa), liga eta kopa irabazi dute “etxeko jendearekin”, Avendañok harro adierazten duen moduan. Avendaño eta Pedrini bat datoz 2022ko kopak izan zuen xarma azpimarratzean. Final laurdenak eta finalerdiak larunbatean jokatzen ziren eta, anekdota moduan, lehendakariordeak azaldu du lehengo partidan galduko zutela pentsatzen zuela, eta gauerako Bilbon egongo zirela. Lehenengo partida irabazi, bigarrena ere, eta finalean urrezko domina lortu zuten. “Bagenekien lehenengo partida irabazi ahal genuela, baina ez bigarrena. Jokalari oso gutxi geneuzkan, lesioengatik, eta azkenean inolako presiorik gabe garaipena lortu genuen”, azaldu du Bidaideak-eko jokalariak. Avendañok minutu guztiak jokatu zituen. Aurten, hainbat urtetan eskatu ostean, hiru egunetan jokatu da txapelketa, esfortzuak hobeto banatzeko.

“Puntuazio baxueneko jokalariak lanik zikinena egitera bideratuta daude, puntu altua posizio on batetik botatzeko”

Bidaideak Bilbao BSR-ren hazkuntza

Taldearen hobekuntza eta profesionalizazioa kirolaren hazkuntzarekin batera heldu da. Gauza asko aldatu dira, eta Avendañok azaldu duen moduan, profesionalizazioa da gehien nabaritzen dena bera hasi zenetik, 2016an bueltatu zen arte. “Hiru egunez entrenatzen genuen, ez genuen dirua irabazten eta neguan euria egiten zuenean lanetik ateratzea eta entrenatzera etortzea zaila zen”. Gaur egun, lau egunez entrenatzen dute, saskiratze saioak dituzte, gimnasiora joaten dira eta aurkariaren analisia askoz ere handiagoa da.

Hala ere, talde indartsuenekin lehiatzea zaila dela onartu du: “Talde umila gara. Plantillaren %70 etxeko jendea da. Oso ondo gabiltzan arren, oso zaila da talde gogorrenen aurka jokatzea”. Txurdinagan jokatzen duen taldeak harrobia dauka etorkizunean maila gorenean mantentzen jarraitzeko. Haien esperientzia hedatzen dute eskoletan ematen dituzten hitzaldietan edo egiten dituzten erakustaldietan. Taldearen etorkizunari lagundu nahi dio Avendañok, gaztea zenean klubak eman zion aukera eskertzeko: “Harrobikoa naizenez, taldeari lotuta jarraitu nahi dut. Ordezkari bezala edo estatistikekin laguntzen, behar den edozertan”.

Txema Avendaño kopako bost jokalari onene artean

Txema Avendaño 2022ko kopako bost onenen artean 

Txurdinagako taldeak sailkapenaren gorenean egoteko borrokatuko du, eta urtero bezala, kopa irabazteko ahalegina egingo du. Izan ere, txapelketa hauetan edozer gertatu daiteke. Gainera, Europa mailan, azken urteko sailkapenei esker berriz jokatuko dute Champions Cup, Europako txapelketa nagusia. Haien lehen parte-hartzean, 2021ean, laugarren postua lortu zuten. Aurten ere Northern Kings zaleen peñaren babes amaigabea edukiko dute jokatzen duten partida bakoitzean. 

Bilbo mailan Bidaideak Bilbao BSR taldea ezagunena bada ere, adimen urritasuneko pertsonentzako saskibaloiak ere bere tokia dauka, bai Bilbon eta bai Bizkaian. Azaroaren 6tik aurrera kirolari hauentzako Bizkaiko lehen liga jokatzen ari da. Lehoiak Gorabide, Bilbao Basket Fundazioa, OSK Bar El Chiringuito Portugalete, Hazsten Saski, Getxo Hazsten SBT eta Alzola BSK Basauri dira partaideak. Emilio Pedrini ligaren bultzatzaileetako bat izan da: “Esperientzia handia da eta indar handia izango du. Mezu indartsua zabaldu zaie taldeei eta talde berriak sortu dira. Gehiago sortuko dira”.

Saskibaloiaren munduan bidea irekiz

Jokalariak erakartzeko edo kirolak ezagutzeko aukera emateko hainbat ekitaldi egiten dira, Haszteneko saskibaloi koordinatzailea eta Bilbao Basket Fundazioko taldearen entrenatzailea den Endika Ledesmak azaldu duen moduan: “Kirol askotan, lehiaketakoak ez diren ekitaldiak egiten ditugu. Adibidez, uztailean ekitaldi bat egin genuen Bilbao Basketekin, nahi zuenak izena eman zezan eta, horrela, bakoitzaren gaitasunak ikusteko eta ea gustatzen zitzaien ikusteko”. BBK Up bezalako txapelketen bitartez, adimen urritasuna duten pertsonak saskibaloira erakartzea lortzen da, aurten sortu den ligaren modukoak aurrera eramatea posiblea izateko.

Liga eta talde hauek aukera paregabeak dira saskibaloia maite duten eta adimen urritasuna duten pertsonentzat, Endika Ledesmak deskribatu duen moduan: “Garrantzitsuena da gazteek goza dezaten, sozializatzea eta horren bidez galtzea eta irabaztea zer den ikastea. Izan ere, asko galtzen dutenean haserretzen dira”. Lagun artean kirola egiteko eta lehiatzeko parada ematen die, beraz.

Aurten Bilbao Arenan egindako BBK up lehiaketa

Bizkaian adimen urritasuneko kirolekiko konpromisoa gero eta handiagoa da, eta Emilio Pedrinik argi dauka zein den gakoa: “Kirol hauen guztien gorakadan ezinbestekoa da ohiko federazioen parte-hartzea. Haiek dira gehien dakitenak, guk ezin dugulako jakin kirol guztiei buruz. Talde konbentzionalen inplikazioa ere oso garrantzitsua da, azpiegiturak edo entrenatzeko zelai bat dutelako. Honek, bidea errazten du”. Etorkizunean, legez, ohiko federazioak kirol egokituen kargu egin beharko dira.

“Kirol hauen guztien gorakadan ezinbestekoa da federazio konbentzionalek parte hartzea"

Horixe izan da liga berriarekin gertatutakoa. Izan ere, izaera esperimentaleko lehiaketa baten ostean, Bizkaiko Saskibaloi Federazioa (BSF-FVB) erabat inplikatu da liga berri hau sortzeko kirol egokitukoarekin batera (BKEF-FDAB). Inplikazio horrekin batera, talde konbentzionalak liga honetarako taldeak sortzen hasi dira, eta honek babes handiagoa ematen die taldeei. Basauriko taldea izan da joera honetara batu den azkena. Kluben laguntza hori ere erabakigarria izan da Haszten elkartearentzat. Taldeetako bat Getxo Saskik hartu zuen, eta beste bat Bilbao Basketek. “Klub bat atzetik ez daukan talde bakarra daukagu. Beste batzuekin hitz egiten saiatu gara, baina oraingoz ez da aukerarik gertatu”, azaldu du Endika Ledesmak. Hala ere, Pedrini lehendakariordeak gogorarazi duen moduan, klubek eta federazioek kontuan hartu behar dute kirol hauek oso garestiak direla.

Azaroaren 6an hasi zen liga, eta lehendakariordearen arabera, “oso ondo” joan da: “Lehiaketa honek espazio bat eta asteburuan kirola modu arrunt batean egiteko aukera ematen die. Gainera, luzea izango da, eta bitartean entrenamenduak izango dituzte”. Sortu berri den ligan, talde bakoitzak bere zelaian jokatzen du, probako ligan ez bezala. Aldaketa honekin batera, aurrekoan egiten ziren jaurtiketa edo trebetasun lehiaketak kendu dira. Hala ere, berreskuratu nahi den ekintza bat dela aipatu du Haszteneko koordinatzaileak: “Ariketa horiek partida baino gehiago gustuko duten neska-mutilak daude. Izan ere, batzuk ez dute zelaiko espazioa kontrolatzen edo ez dira ondo moldatzen partida batean. Gurasoek eskatzen duten zerbait da, eta partidaren laurdenen batean sartzeko asmoa dago”.

Modalitate konplexua

Pilota laranjarekin jokatzen den kirola ez da batere erraza, eta hainbat arau ditu bere baitan. Hala ere, Emilio Pedrinik onartu du harrituta geratu dela bilakaerarekin: “Hasieran pentsatu nuen zaila izango zela praktikatzeko. Haien artean borroka edo horrelako zerbait egongo zela pentsatu nuen, baina esperientzia oso ona izan da. Saskibaloiko jendeak buru nahiko irekia du”. Hala ere, Pedrinik ulertzen duena ez zuen Espainiako saskibaloiko federazioak ulertu 2000. urteko Sydneyko joko paralinpikoetan. Saskibaloian aurkari guztiak erraz irabazi eta urrezko domina irabazi zuten adimen urritasuneko saskibaloiko taldeak. Izugarrizko garaipena izan zen, baina arazo bat egon zen; 12 jokalarietatik, bik bakarrik zuten urritasunen bat. Iruzur horrek hainbat ondorio izan zituen. Aurrezki kutxa batzuek laguntza kendu zieten talde batzuei, eta orduz geroztik saskibaloiaren adar hau ez da joko paralinpikoen parte izan.

"Saskibaloiko jendeak buru nahiko irekia du”

Zailtasun nagusia kirolaren modalitate hau praktikatzen dutenen ezintasun maila sailkatzea da. Down Sindromedun pertsonek, adibidez, ez dute kategoria jakin bat. Adimen urritasuna neurtzeko zaila da. “Ez da erraza neurtzea zer lotura daukan zure esfortzuarekin edo jokoan. Gurpil-aulkian jokatzen dutenek puntuazio jakin bat daukate, baina hemen ez da gertatzen”, azaldu du Emilio Pedrinik. Zailtasunak zailtasun, saskibaloiak orokorrean dituen arauak erabiltzen eta betetzen dituzte.

Jokalarien arabera edo taldearen arabera, arbitrajea ezberdina da. Jokalariei erakusteko tresna gisa balio du epaileen lanak, dio Endika Ledesmak: “Hainbat gauza pitatzen zaizkie ulertu ditzaten. Faltak seinala daitezke, eta baloia botatu behar dutela gogorarazi, batzuetan ahazten baitzaie. Arbitrajearen bidez nola jokatzen den erakusten zaie”. Talde hain gutxi izanda, zaila da maila ezberdinak sortzea, eta kontzeptuak ikasteko denbora behar dute; horregatik, talde sortu berriek zailtasunak izaten dituzte hasieran, baina apurka-apurka ikasten dute, Ledesmak entrenatzen duen taldeari gertatu zaion bezala: “Nire taldearekin, adibidez, aurrerapena nabaritu da. Talde oso ona duen Gorabideren aurka sei saskiratze sartu genituen, eta iaz ez ginen beste saskira iritsi ere egiten”.

"Arbitrajearen bidez nola jokatzen den erakusten zaie”

“Gainditzearen” adibide

Kirolari hauek betidanik atzetik izan duten hitza izan da. Kirol egokitua praktikatzen duen pertsona bat eta partida bat ikusten badugu, hainbat gauza entzun daitezke: zein ondo egiten duten, zer harro egiten dutenaz edo bizitzak aurretik jarritako oztopo guztiak gainditu dituzte, besteak beste. Baina errealitatea bestelakoa da, Emilio Pedrinik azaldu duen moduan: “Lehen, Gainditze saria ematen ziguten. Lotsagarria iruditzen zait. Asier Garcíari (Bidaideak Bilbao BSR-ko jokalaria) ematen zioten, eta munduko jokalaririk onenetarikoa da. Kazetariei esan genien sari bat lortzekotan, zerbait irabazteagatik nahi genuela, ez parte-hartze hutsagatik”.

Ideia bera dauka Txema Avendañok jokalari gisa. 2006an, 23 urte azpiko Espainiako selekzioarekin Europako txapelketa irabazi zuten, eta bi gainditze sari eman zizkieten. “Hau zer da?” zioen bilbotarrak. “Prentsak gu horrela  aintzat har ez gaitzan saiatzen gara, eta zorionez, Bizkaian mugak gainditze gala kendu dute, kirolari gisa gehiago baloratzen gaituzte”. Apurka apurka, gurasoak ere kontzeptu hau ulertzen ari dira. “Aitak eta amak jada ez dira hain babesleak. Seme-alabak kirola egitera askoz ere gehiago animatzen dituzte. Lehen beldur gehiago zuten, eta orain ez”, onartu du Haszteneko Endika Ledesmak. Aurreiritzi hauek apurtuta, kirol egokituak gora egingo du hurrengo urteetan, eta edonork ikusiko du bere burua kirola egiteko gai.

“Aitak eta amak jada ez dira hain babesleak. Seme-alabak kirola egitera askoz ere gehiago eramaten dituzte"