Athletic, berriro noraezean

Pablo Martínez Canibe 2022ko abe. 14a, 09:00

Defentsa eta atezainaren arteko akats baten ondorioz 1-0 galdu zuen Athletic-ek Betisen aurka. Goiko postuetatik urrun, jaitsierako postuetara jarri beharko dira zuri-gorriak. Urteko azken partida Sevillaren aurka jokatuko dute larunbatean. 

Erregulartasun falta Athleticen denboraldia guztiz zapuzten ari da. Realaren aurkako partidaren emaitza gorabehera, hiru garaipen lortu zituzten lau partidatan, eta gora begira jarriko zirela zirudien. Dinamika ona izan arren, Madrid CFF eta Betisen aurkako porrotek jaitsiera postuetatik 4 puntura jarri dute Athletic.

Igandeko partidak aukera ona zirudien Madrid CFF-ren aurka jasotako porrota alde batera uzteko. Realaren aurka galdu ostean, 1-6 irabazi zioten Vila-Reali, baina berriro ere beste bi porrot segidan jaso ditu Athletic-ek. Defentsako bi jokalari aldatzea erabaki zuen Iturregik, baina beste behin ere ez zuen funtzionatu, eta Betisek aukera garbienak izan zituen lehenengo eta bigarren zatian. 

Sendotasun falta etengabeko arazoa izan zen, eta horrek ekarri zuen Laura Morenoren gola. Valdezatek pase zail bat egin zion Eunateri, honek txarto aldendu baloia eta, azkenik, Quiñonesek ez zuen asmatu baloi mantso bat gelditzeko orduan. Horren ostean saiatu ziren zuri-gorriak, baina arrisku handirik sortu gabe. Bi porroten ostean garaipena lortu zuten Sevillakoek, berriz ere galduta egon zen talde baten aurka.

Gakoa aurkitu gabe jarraitzen du Athletic-ek denboraldi honetan. Urrun geratu dira Txapeldunen Ligako postuengatik lehiatzen zeneko urteak, eta borrokak beste bat dirudi. Talde gazte-gaztea da aurtengoa, 17 urteko Jone Amezaga da golegile nagusia eta hamaikako finko bat aurkitzeko zailtasunak izaten ditu entrenatzaileak. Izan ere, partida guztietan jokalariren bat aldatu du. 

Garazi Murua kapitain nagusiaren falta nabaritzen ari da taldea, eta jada aurreko urtean baino lau gol gehiago jaso ditu. Aurrean ere, Lucía Garcíaren golen falta nabari da eta aurreko denboraldian hiru gol gehiago besterik ez zeramatzaten arren, kontuan hartu behar da Vila-Realen aurka sei egin zituztela. Taldeak zituen arazoez jakitun, helburutzat taularen goiko zatian egonkortzea jarri zuen Jon Uriarte presidenteak. Momentuz, bederatzigarren postuan dago Lezaman jokatzen duen taldea, jaitsiera postuetatik lau puntura eta hirugarren postutik 13ra. Urtea amaitzeko Sevillan jokatu beharko dute berriz, eta Levante Las Planas eta Alhama El Pozo igo berriak izango dira lehenengo birako azken aurkariak.

Harrobia gora doa

Zailtasunak ez dira bakarrik lehen taldean egon. Erronka zailak dauzkate "B" eta "C" taldeek. Bigarrenak arazoak izan zituzten aurreko urtean mantentzeko, eta hirugarrenak aurten igo dira 2. RFEF kategoriara. "B" taldeak ez zuen zortzigarren jardunaldira arte punturik lortu eta "C" taldeak zazpigarrenera arte. Hasiera zaila izan zuten bi taldeek, eta nabaritu da kohesio falta zegoela jokalari berri asko izateagatik. Zazpi punturekin, egoera hobean daude, salbazioa lortzetik sei eta hiru puntura, hurrenez hurren.