125. urteurrenari hasiera emango dio Athletic-ek San Mamesen abenduaren 29an

uriola.eus 2022ko abe. 15a, 12:00

San Mamesek ateak irekiko ditu Betisen aurkako partida pantaila erraldoietan ikusteko. Aurretik, San Mames, kantuz ekimena eta urteurrenaren banderaren igotzea egingo dira. Halaber, 125 urteetako poster berezia argitaratu dute. 

Festa handia egin nahi du Athletic-ek 125. urteurrenean eta hasiera emango dio abenduaren 29an, osteguna, 17:00etatik aurrera. Betisen aurka 15. jardunaldian jokatzen duten partidaren harira, San Mames irekiko da hainbat ekintza burutzeko. Sarrera dohainik izango da publiko guztiarentzat zelaia bete arte. Chivas talde mexikarraren aurka jokatutako Gernikako Zuhaitza garaikurrarekin hasitako urteurrenaren ekimenei jarraipena emango zaie.

Asko da mende eta laurden betetzea eta talde zuri-gorriak ez du aukera galdu nahi, behar bezalako ospakizuna egiteko. Jardunaldiaren ekitaldi enblematikoa, 18:45ak aldera izango da. Ordu horretan, denbora horretan zehar Athletic sentimendua zabaltzen lagundu duten pertsona guztiei egingo zaie omenaldia. "Utzi zigutenen, baina beti gure ondoan daudenen omenez", San Mameseko 125. urteurreneko bandera ofiziala igoko da. Bitartean Bilboko Koral Elkarteak, Agur Jaunak eta Andreak abestuko du. 

Aurretik San Mames, kantuz ekimena hasiko da 17:30ean. "Kantuz, familian eta komunitatean" ospatu nahi du Athletic-ek urtebetetzea. Hamasei abestiz osatutako liburuxka banatuko da bertaratzen diren guztien artean abesteko. Lehenengo lau abestiak Bilboko Koral Elkarteak zuzenduko ditu eta Olentzero edo Hator, hator abestuko dituzte zaleek, besteak beste.

Horren ostean, Taberna Ibiltaria taldearen txanda izango da Lau teilatu eta euskal musikaren beste klasiko batzuk abesteko. Bilbainada tradizionalak ez dira faltako ospakizun honetan eta azkenik, San Mameseri bizitza handia ematen dion Herri Harmailako ordezkari bat igoko da. Ene maite eta Txoria txori abesti mitikoak abestuko dituzte. Ekitaldiari amaiera emateko Sevillan, Betis eta Athletic-en artean jokatuko den ligako partida ikusi ahalko da pantaila erraldoien bidez 19:15etatik aurrera.

Poster bereziak

Aurtengo posterra, 125. urteurrenarekin lotu nahi izan da ezinbestean. Bereziago egiteko gizonezkoen eta emakumezkoen atzeko irudia aldatu da, taldearen historian erreferente izan diren pertsonei lekua emateko. Eredu gisa Rushmore mendiko aurpegiak hartu dira. Gizonezkoen kasuan jokalari historikoak dira atzealdearen protagonistak. Guztira bost gizonezko eta bi emakumezko ageri dira: Josemari Belauste, Pichichi, Erika Vazquez, Txetxu Rojo, Zarra, Iribar, Eli Ibarra, Julen Guerrero eta 'Piru' Gainza.

Emakumezkoen taldearen kasuan protagonismo guztia eman diete emakumeei. "Azken batean, emakumeari denbora luzez kendu diote legez zegokion protagonistaren lekua", adierazi du Klubak. XXI. mendea baino lehen jokalariak ez zirenez egon, taldearen hazkuntzan eragin zuzena izan duten hiru emakume omendu dituzte. Miren Edurne Salsamendi emakumeak eskubide osoz Athletic Clubeko bazkide izan zitezkeela aldarrikatu zuen pertsona, Sara Estevez, kirol kazetarien artean aitzindaria eta Ana Urquijo, Klubaren zuzendaritzan egondako lehen emakumea. Horiekin batera, historia egin duten hainbat jokalari ageri dira: Iraia Iturregi, Erika Vazquez, Eli Ibarra, Nerea Onaindia, Ainhoa Tirapu, Tzibi Juaristi, Irune Murua eta Arrate Orueta.