Goizeko bederatzieetan ireki dituzte postuak inguruko herrietatik etorritako baserritar eta ekoizleek. 238 etxola jarri dituzte aurten, eta askotariko produktuak izango dituzte eskuragarri iluntzera arte: gazta, eztia, ogia edota barazkiak, besteak beste.
Horrez gain, baina, taloak eta sagardoa nahiz txakolina ere ez dira falta izan.
Aurtengo egunaren nobedadeetako bat izan da udalak ez duela baimenik eman postuak Plaza Barrian jartzeko, ezta bertan beste urte batzuetan egin izan diren ekintzak aurrera eramateko ere. Hainbat ekoizle aurka agertu dira, eta Bilboko Konpartsak ere bai, egoerak San Tomas eguneko beren ohiko jarduna murriztu eta egokitzera behartu baititu. Edonola ere, jai herrikoien aldeko mezua plazaratzeaz batera, egun osoko egitaraua prestatu dute, bertsoekin, musikarekin eta jan-edanarekin, besteak beste.
Gabonen bezperatan izanik ere, eguraldia lagun izan dute goiz eta eguerdi partean Areatzan barrena ibili direnek.