Euripean egin zuten elkarretaratzea atzo iluntzean Mariaren Bihotza plazan, bi egun lehenago haren tabernan bikotekideak eraildako emakumea gogoan izan eta indarkeria matxista ozen salatzeko. Gertukoen mina tarteko, elkarretaratze isila izan zen oro har, baina ez ziren falta izan justizia eskatzen zuten eta indarkeria matxistari "aski da!" esaten zioten oihuak.
Ehunka pertsona bildu ziren plazan, eta elkarretaratzearen amaieran San Frantzisko kalean gora egin zuten, erailketa gertatu zeneko tabernaren ateraino, hain zuzen ere. Bertan lan egiten zuen Huaytak, bikotekidearekin batera hartua zuen tabernan.
Bilboko erailketa ez ezik, deitzaileek gogoan izan zuten duela egun batzuk Bilboko itsasadarrean, Getxo inguruan, hilik agertu zen emakume transexuala ere, zeinak indarkeria zantzuak zituen.