Sortuk, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak osatutako koalizioak ostegun honetako osoko bilkuran eztabaidatzeko Bilboko etxebizitzaren egiturazko krisiari era integralean aurre egiteko mozio bat aurkeztu duela iragarri zuen atzo eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, koalizioak Udalari etxebizitza eskubidearen aldeko plan estrategikoa garatzea eskatu zion.
Jone Goirizelaia eta Alba Fatuarte zinegotziek parte hartu zuten prentsaurrekoan, Bilbon etxebizitza-krisi estruktural bat existitzen dela aldarrikatuz; hain zuzen ere, arazo horri eremu desberdinetatik heltzen dion udal-etxebizitza politika faltagatik.
Besteak beste, etxebizitza turistikoen gorakada eta alokairuen garestitzea azpimarratu zuten Goirizelaiak eta Fatuartek. Halaber, gazteek 1.000 euroren azpitik dagoen alokairu bat aurkitzeko zailtasunak aipatu zituzten, Europako beste hiri batzuetako gazteekin konparatuta horrek dakarren emantzipazio berantiarrean fokoa jarriz.
Jardueren dibertsifikazioa
Haien ustez, gaur egun, Udalak arazo honi aurre egiteko duen neurri bakarra udal-etxebizitzena da. Dena den, nahiz eta elementu honen garrantzia nabarmendu, Gazteria eta Berdintasuna arloen inplikazioa proposatzen dute, gazteei eta emakumeei, bereziki, eragiten dien arazoari heltzeko. Era berean, Ogasun arloarena ere nahitaezkoa deritzote Bilboko hirian dauden milaka etxebizitza hutsen inguruan ekiteko.
Bestalde, SURBISA (Bilboko Berregokipenerako Hirigintza Elkartea) indartzeko beharra adierazi zuten, birgaitzeko laguntzen eta hiria berroneratzeko proiektuen bidez. Horretaz gain, pisu turistiko ilegalen arazoari heltzeko higiezinen merkatuaren erregulazioan eta mota honetako pisuen kontrolean jarri beharreko esfortzuak funtsezkoak dira haien iritziz.
Azkenik, beste erakunde batzuen parte hartzea eta alokairuen prezioak arautzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuten, etxebizitza eskubide bat dela gogoraraziz eta honen inguruko akordio baten beharra nabarmenduz.