Aurtegoan bai?

uriola.eus 2023ko urt. 27a, 10:57

Athleticek 1-3ko emaitzarekin irabazi zuen atzo Valentziaren aurka. Hortaz, laugarren urtez jarraian izango da Errege Kopako finalerdietan.

Partidu berezia izan zen atzokoa. Behin final-zortzirenak pasatuta, zozketak hala erabakita, Gennaro Gattusok entrenatutako Valentziaren aurka egokitu zitzaion final-laurdenak jokatzea. Italiarra aurreko urtean taldearen entrenatzaile izan ez arren, valentziarrek zurigorriak kanporatu zituzten finalaurrekoetan; hain zuzen ere, porrot horrek jarraian hirugarren finalera iristea galerazi zien.

Ligako azken emaitza negatiboak kontutan hartuta, garaipen bat behar zuten bilbotarrek, berriz ere sentsazio positiboak berreskuratzeko. Horregatik, Kopa zurigorrien txapelketa maitatuena izan denez beti, aukera ezin hobea zen Ernesto Valverdek zuzendutako taldearentzat.

Partidu fisikoa eskaini zuten biek, bi areetatik urrun jokatuz. Horrela, praktikoki lehen aukeran sartu zuen lehen gola Valverderen taldeak. Ander Herrerak, aurkariaren galera bat aprobetxatuta, erdiraketa eder bat jarri zuen, Iñaki Williamsek buruz jaitsi eta Iker Munianek 0-1ekoa sartu zuen boleaz.

Atsedenaldia hurbiltzen ari zelarik, Valentziak markagailua berdindu zuen. Mouctar Diakhabyk eskuin hegaletik jokaldi bikain bat egin ostean, indarrez erdiraketa bat jarri eta De Marcosek bere atean sartu zuen gola. Ondoren, 15 minutuko geldialdia iritsiko zela uste zenean, Nico Williamsek 1-2koa egin zuen. Alex Berenguerrek eta Williams anaiek valentziarren akats defentsiboaz baliatuz igo zuten gola markagailura.

Bigarren zatian, ez zen espero zitekeen susperraldirik izan etxeko taldearen aldetik. Azken 45 minutuetan zehar, behin bakarrik jaurti zuten Julen Agirrezabalaren atera, arriskurik gabe gainera. Zurigorriek aukerai ugari izan zituzten hirugarrena egiteko eta 76. minutuan Mikel Vesgak Williams gazteari egindako penalti baten bitartez 1-3koa jarri zuen.

Era honetan, Athletic astelehenean Madrilen ospatu den zozketan egongo da, herenegun Osasunak lortu bezala. Beraz, laugarren aldiz segidan izango du aukera finalerako txartela lortzeko partidua jolasteko.