Bilboko inauteriak iristear

uriola.eus 2023ko ots. 3a, 14:13

2023ko inauterien aurkezpena izan da gaur Itsas Museoan. Jai Batzorde Mistoko kideek aurtengo edizioko xehetasunak  eta egitaraua aurkeztu dituzte.

Batzordearen Lehendakari Itziar Urtasun zinegotziak eta Ioritz Varona Bilboko Konpartsen Federazioko ordezkariak gidatu dute ekitaldia. Azaldu dutenez, 80ko hamarkada izango da inauterien tematika; hortik aurrera, norbera libre izango dela azpimarratu dute bere erara mozorratzeko. Hauek dira aurtengo edizioko aldaketak: larunbateko mozorro lehiaketa 2 multzotan bereiztea (banakakoa eta taldeka), indaba eta torrada lehiaketa igandera mugitzea eta, Zabalgune Plazan ospatu ohi zen txikigunea Plaza Berrian antolatzea.

Berriki ospatu diren Iturengo inauterien eta iristear dagoen Santa Agedaren aipamenarekin eman diote hizlariek ekitaldiari hasiera. Ondoren, urteko bolada honen garrantzia nabarmenduta, “bizitza pizteko jai aproposak” bezala deskribatu dituzte aratusteak. Dena den, egitarauaren azalpenari ekin aurretik, elkarren arteko errespetua festa hauen oinarria izateko aldarrikapena egin dute.

Aurtengo egitarauaren inguruan gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Edizio honetan, Farolin eta Zaranbolas nortzuk izango diren jakin nahi baduzu, irakurri beste egunean argitaratu genuen artikulua.