Jone Magdaleno: “Olinpiar jokoak hurrengo urtean direla jakinda, saiatzeko unea da”

Axular Arostegi 2023ko ots. 21a, 13:48
Argazkia: Basque Team

Jone Magdalenok, Taekwondoko kirolari bilbotarrak, bigarren postua lortu du Istanbuleko President Cup txapelketan. Parisen ospatuko diren 2024ko Olinpiar Jokoetarako urte eta erdi geratzen delarik, 25 urteko borrokalariarekin elkartu gara bere sentsazioei eta prestaketaren inguruan gehiago jakiteko.

Zein da lortutako emaitzari buruz egiten duzun irakurketa? Pozik zaude lortutako postuarekin?

Bai, noski. Pozik egoteko moduko txapelketa egin dut, nire ustez. Egia da ez nintzela urrezko dominetik urrun geratu eta beti daude hobetu zitezkeen gauzak, baina, orokorrean, konforme nago lortu dudanarekin; are gehiago jakinda finala egungo munduko txapeldunordearekin galdu nuela. Oso final lehiatua izan zen arren, zoritxarrez, ezin izan nuen urrezko domina irabazi, hala ere, hurrengoan nik lortu dezakedala pentsatzen dut.

Gainera, jokatutako txapelketa hau oso garrantzitsua da Olinpiar Jokoetara sailkatzeko rankingari dagokionez. Bertan lortutako puntuek balio handia dute ranking honetan puntuak biltzeko.

Zentzu honetan, egin zizuten beste elkarrizketa batetan irakurri nuen zure helburua 2024an Parisen jokatuko diren Joku Olinpikoetara sailkatzea dela. Zure lehen aldia izango litzateke Olinpiada batzutara iristen zarela?

Bai, hala da. Ez dut orain arte horrelako aukerarik izan.

Noiz hasi zinen nazioarteko txapelketetan parte hartzen?

Ni txikitatik aritu izan naiz Taekwondoa praktikatzen. Nire gurasoekin hasi nintzen entrenatzen 5 urte nituelarik Gimnastico Bilbao taldean. 22 urterekin, behin Bilbon unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean, Madrilera etorri nintzen Espainiako Selekzioak entrenatzen duen Errendimendu Altuko Zentroan aritzeko eta nire ahalmena koxka bat handitzeko.

Bestalde, 16 edo 17 urte nituenean hasi nintzen nazioarteko txapelketekin, nahiz eta ordurako Espainiako txapelketa irabazia nintzen. Finean, goi mailako txapelketetan destakatu nahi baduzu, nahitezkoa da gustoko duzun kirol horretan ehuneko ehunean aritzea eta horrela egin nuen nik Madrilera etortzeko pausoa eman nuenean.

“Goi mailako txapelketetan destakatu nahi baduzu, nahitezkoa da gustoko duzun kirol horretan ehuneko ehunean aritzea”

Taekwondoa bezalako kirol batek duen jarraipen apala kontuan hartuta, nola iritsi zinen bertara?

Gurasoek gimnasio bat zutenez, ume bat nintzenetik hasi nintzen Taekwondoa praktikatzen eta haiek izan dira nire entrenatzaileak. Hortaz gain, beti izan naiz oso kirolzalea. Txikia nintzela Multikirolean apuntatuta nengoen, esaterako.

Txapelketekin, ordea, beranduago hasi nintzen. Hasiera batean, koordinazio eta psikomotrizitate ariketak egiten nituen soilik. 15 urte inguru nituela ekin nion Taekwondoko txapelketetan parte hartzeari eta orduz geroztik seriotasunez heldu diot kirolari.

Nola bizi izan duzu kirol honekiko zure inguruak edo, orokorrean, euskal gizarteak duen jarraipena eta aitorpena?

Nahiko galdera zaila da erantzuteko. Nire iritziz, Euskal Federakuntzatik ez da esfortzu askorik egiten bere jarraipena sustatzeko. Basque Teamen nagoenetik, aldiz, kirolaren ikusgaitasunaren alde lan gehiago egiten dela esango nuke.

Taekwondoa kirol bezala aztertuta, zeintzuk dira bereziki landu beharreko ezaugarriak?

Lehenik eta behin, garrantzitsua da ulertzea Taekwondoa aurkaritzazko kirol bat dela. Hortaz, zure aurkariaren aurka buruz buru borrokatzeko adorea izan behar duzu. Zentzu horretan, gimnasioetan lehenengo momentutik aurkariarekiko errespetua irakasten da kirolaren balore bezala.

Fisikoki, nahitaezkoa da indartsu egotea, bestela ezinezkoa baita borrokan zehar jaso ditzakezun ostikadak eta borrokaren erritmoa jasatea. Horrez gain, elastikotasuna lantzea ere oso garrantzitsua da, ankarekin zure aurkariaren bururaino iristeko kapaza izan behar zarelako.

Aipatu duzunez, behin karrera bukatuta Madrilgo Errendimendu Altuko Zentrora mugitu zinen. Zure esperientziatik, posible da goi mailako kirola eta Bilbon erresidentzia mantentzea?

Taekwondoa aurkaritzazko kirol bat den heinean, egiten duzun entrenamendua zure aurkariaren mailak baldintzatzen du erabat. Horregatik, unibertsitateko ikasketak amaitu nituenean pauso hori ematea erabaki nuen, hemen goi mailako txapelketetan parte hartzen duten beste hainbat kide daudelako. Lehenengo hilabeteak gogorrak dira, argi eta garbi, maila oso altua delako, baina zure ahalmena handitzeko aukera paregabea da.

“Egiten duzun entrenamendua zure aurkariaren mailak baldintzatzen du erabat”

Bestalde, bada zure errendimendua baldintzatzen duen beste alderdi bat: entrenamenduei eskainitako denbora. Madrilen, Taekwondoko entrenamenduei 4 edo 5 orduko tartea eskaintzen diet egunero, gimnasioko pesen ariketak kontatu gabe. Bilbon nengoela, ordea, ordu eta erdi edo 2 orduko entrenamenduak egiteko denbora nuen bakarrik.

Hortaz, Madrilen dituzun bereizgarritasunak ez daude horrenbeste baliabide materialekin lotuta, baizik eta entrenatzeko aurkitu ditzakezun arerioen mailan?

Pixka bat denetarik. Arerioez gain, Selekzioarekin entrenatuta, gero beraiekin parte hartu dezakezu nazioarteko txapelketetan, adibidez. Gainera, normalean, egunero entrenatzen ditudan 4-5 ordu horiek ezin dituzu edozein gimnasiotan entrenatu. Zentro honetan gaudenontzat, finean, kirol hau da gure dedikazio nagusia.

Dena den, maiztasun handiarekin itzuli ohi naiz Bilbora, bi astean behin, gutxi gora behera. Nire gurasoekin eta nire anaiarekin dudan harreman estua dela eta, eurengandik urrun egotea izan da Madrilera mugitzearen alderik zailena.

Uztartzeari dagokionez, zure ustez, posible da Taekwondoaz bizitzea? Beharrezkoa duzue beste jarduera batekin kontziliatzea?

Galdera horren erantzuna, lortu dituzun emaitzen araberakoa da. Hau da, emaitza jakin batzuk lortu beharra dago, entrenatzeko nahi adina ordu eskaintzea ahalbidetuko dizuten beka multzoa lortzeko. Goi mailako kirolean jardun nahi baduzu, maila honetan diharduen edonork esango dizu ezinezkoa dela beste jardun batekin uztartzea. Azken finean, beste zerbaitetan lan egin behar baduzu, oso zaila da soilik Taekwondoan aritzen den norbaitekin lehiatzea, honek bere teknika eta ahalmena zuk baino askoz gehiago landu ahal izan dituelako.

Hortaz, emaitza jakin batzuk denbora tarte batetan mantentzeko kapaza baldin bazara, posible izango duzu kirolaz bizitzea; maila horretara iritsi arte behar izan duzun denbora guztian zehar ez bezala.

Bilbon unibertsitateko ikasketak egiten zenituen garaiarekin alderatuta, orain Madrilen Taekwondoari erabateko dedikazioa eskaintzen diozu?

Hala da bai, nik Zuzenbideko ikasketak egin nituen Deustuko Unibertsitatean. Geroztik, fiskalitatezko master bat egin dut eta ziberdelinkuentziazko beste bat egiten ari naiz gaur egun. Dena den, momentu honetan ikasketei eskaintzen diedan denbora ez da oso handia, ordu bat edo bi egun bakoitzeko; hain zuzen ere, lehen esan dudan bezala, goi mailako kirol baten prestakuntzan zabiltzanean ezin duzu 8 orduko lanaldiekin edo ikasketa sesioekin uztartu.

Oro har, nire ikuspuntutik, oso garrantzitsua da zure ikasketekin edo formakuntzarekin segitzea zure kirol ibilbidearekin segitzen duzun bitartean.

"Goi mailako kirol baten prestakuntzan zabiltzanean ezin duzu 8 orduko lanaldiekin edo ikasketa sesioekin uztartu"

Beste jarduera batzuekin kontziliatzeko beharrari dagokionez, zein izan da Basque Teamen eragina?

Gure kirol ibilbidea garatzeko nahitaezko baliabideak eskaintzen dizkigu. Laguntza ekonomikoaz gain, formakuntzan edota gure kirolaren ikusarazte lanetan presentzi nabarmena izan du. Goi mailako kirolaren ibilbide honetan momentu oro lagundu nauen eragile bat bezala sentitu dut. bidea egiteko eskua luzatzen dizun pertsona bat bezala.

Nola iristen da bat bertan sartzera? Gutxieneko emaitza batzuk lortu behar dituzu? Zeintzuk dira bete beharreko eskakizunak?

Hala izan da, nire kasuan gutxienez. Europako txapelketa baten goiko postuen artean sailkatu ostean, harremanetan jarri ziren nirekin eta beka eskatzeko proposatu zidaten. Eskakizunei dagokienez, aipatutako emaitzez gain, txapelketetan Euskadiko lizentziarekin parte hartzea eskatzen da, esaterako.

Olinpiar jokoei begira, baduzu helburu zehatzik?

Iaz, nire buruarekiko helburu gisa jarri nuen olinpiar rankingeko lehen 17 kirolarien artean sartzea. Aurten, aldiz, ranking horren lehen 5en artean sartzea da; momentuz, 16. postuan nago. Kontziente naiz asmo handiko helburua dela, argi eta garbi, baina txapelketez betetako urte bat daukagu aurretik (munduko txapelketa edo europar jokuak, esaterako) eta asmo hori gauzatzeko gogor lan egiteko gogotsu nago. Badakit oso zaila dela postu horietara iristea, baina Olinpiar Jokoak hurrengo urtean direla jakinda, saiatzeko unea da.

Zenbat kirolari sailkatzen dira Olinpiar Jokoetara?

Olinpiar rankingeko lehen 5 sailkatuak zuzenean lortzen dute Jokoetarako txartela. Ostean, gainontzekoak fase preolinpikoaren bitartez sartzen dira. Horren arazoa da estatu bakoitzak ezin duela pisu bakoitzeko bi ordezkari (mutil bat eta neska bat) bidali. Ondorioz, gerta liteke zure federazioak zuk parte hartzen duzun pisuko kategorian inor ez bidaltzea.

Bestetik, rankingaren bitartez zuzenean sailkatzearen aukerak duen arazoa da 3 pisu desberdinetako kiroletan parte hartzen duten kirolariak sartzen direla. Horrenbestez, sailkatzeko ditudan bi aukera bakarrak hurengoak dira: olinpiar rankingean lehenengo 5en artean sailkatu edo, bestela, Espainiako federazioak ni hautatu nazala fase preolinpikoan parte hartzeko.

Olinpiar Jokoetan pisu desberdinen kategoriak murrizten dira. Hortaz, kategoria bakoitzak biltzen dituen pisu tarteak handitu egiten dira. Normalean lehiatzen zaren baino pisu gehiagoko aurkariekin lehiatu zintezkeela jakiteak zure prestakuntza alda lezake?

Ez dut uste. Orain arte ohituta nago iada horrelako kategoria aldaketekin; adibidez, munduko txapelketan 57 kilotik 62ra bitarteko kategorian parte hartzen dudan bitartean, Grand Prix gisako txapelketetan nire kategoria 57 kilotik 67ra bitartekoa da. Beraz, pisu aldaketa hori ez litzateke, inolaz ere, berria izango niretzako.

Hurrengo hilabeteetara begira, zeintzuk dira epe laburrean dituzun hurrengo txapelketak?

Martxo hasieran Las Vegasen ospatuko den txapelketa baten parte hartuko dut. Bertan, ahalik eta puntu gehien biltzea izango da helburua, aipatutako rankingerako puntuagarria baita. Zentzu honetan, mota hauetako txapelketek maiatzean ospatuko den munduko txapelketarako sasoia mantentzeko balioko didate. Bestetik, ekainetik urrira bitarte europar jokoak eta Grand Prixeko txapelketak daude.

Beraz, txapelketaz betetako urte oso bat geratzen da aurretik, puntu asko jokoan eta zehaztutako helburua zaila izan arren, ez dut azken unera arte etsitzeko asmorik.