Elkarrizketa

“Etorkizunera itxaron beharko dugu, enpresak hartu dituen konpromisoak betetzen dituen ikusteko”

Axular Arostegi 2023ko mar. 7a, 11:16

Otsailaren 16an, ELAk Bilbao Kirolakeko langileen lanuzteak iragarri izanari buruz berri eman genuen, kirol instalazioen kudeaketa daraman emteSPORT enpresak soldatak ordaintzeko izan dituen arazoak medio.

Otsailak 27 eta 28an mobilizazioekin aurrera jarraitu ostean, ostiralean, martxoak 3an, sindikatuak jakitera eman zuen falta ziren bi lanuzteak bertan behera uzten zituela, enpresaren azken proposamena ontzat hartu ostean. Horren harira, enpresarekin izandako negoziazio prozesua hobeto ezagutzeko, ELA sindikatuko ordezkari den Eneko Martínekin izan gara.

Duela hilabete batzuk arte beste enpresa batek (Guedan) eraman izan du Bilbao Kirolaken kudeaketa. Nolakoa izan da trantsizio hori?

Nahiko gatza izan da. Hasiera hasieratik arazo ugari izan ditugu. Enpresak bere kabuz gauza desberdinak aldatzea erabaki zuen, gure iritzia kontuan hartu gabe. Lehenbiziko aldaketak Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren txostenean somatu genituen. Lankide batzuei lanaldi portzentaia aldatu zitzaien, beste batzuei kontratu mota eta kotizazio kodea, berriz, guztioi.

“Enpresak bere kabuz gauza desberdinak aldatzea erabaki zuen, gure iritzia kontuan hartu gabe”

Horretaz gain, laneko arroparekin ere arazoak izan ditugu, asko atzeratu zen entrega. Jakin ahal izan dugu enpresa berriak lan egiten duen beste polikiroldegietan ere gisa honetako arazoak izan dituela, arropak ez ematera iristeraino.

Beste gauza batzuen artean, arazorik larriena soldaten ordainketarekin izan dugu. Mota guztietako arazoak izan ditugu zentzu honetan; bereziki, dagokigun soldaten baino kantitate txikiagoak ordaintzea izan da arazo nagusia. Gainera, enpresari egoera hori konpontzeko eskatzen genionean, ez zigun erantzunik ematen edo aitzaki desberdinak jartzen zituen. Pixkanaka, gauzak konpontzen hasi zen, guk presio asko sartu eta gero.

Egoera hiru hilabetez luzatu denez, martxoa laugarrena izanik, mobilizazioak antolatzea erabaki genuen; aurretik enpresarekin negoziatzen saiatu ostean, noski.

Soldaten ordainketa aipatu duzu. Arazoak espezifikoak izan dira (soldataren zati zehatz batekin zerikusia zutenak) edo orokorrak?

Orain arte izan ditugun arazoek ez dute patroi zehatz bat jarraitu. Hau da, langileek mota desberdinetako arazoak izan dituzte euren soldata kobratzerako orduan. Esaterako, bati plusak falta zaizkio eta beste bati, aldiz, orduak.

“Orain arte izan ditugun arazoek ez dute patroi zehatz bat jarraitu”

Jakin ahal izan dugunez, kotizazioekin ere arazoak izan zenituzten.

Bai, oso deigarria izan zen egoera. Langile bakoitzaren Lan-bizitza txostenean aldaketa nabarmenak egon ziren. Adibidez, lanadli osoa egiten duen langile bati, lanaldiaren % 60a soilik lan egin zuela ageri zitzaion. Kontratu motekin ere arazoak izan dituzte, esaterako, lanaldi osoko lanpostu finko bat zuen langile bati, aipatutako txostenean lanaldi partzialeko langile finko bezala ageri zen.

Horren harira, enpresari eginiko presioari esker egoera aldatzea lortu dugu. Dena den, enpresaren jokaera argia izan da: langileak kexatu arte soldaten murrizketekin jarraitzea. Alegia, adi ez dagoen langileak  ez du soldata jaitsiera hori berreskuratuko. Hain zuzen ere, higadura prozesu bat bezala ulertzen dugu, pixkanaka langileen gogaitasuna sortzea helburu duena. Nire kasuan, enpresa hau iritsi denetik jaso nuen lehen soldata 4 aldiz eskatu behar izan nuen zuzentzeko.

“Enpresaren jokaera argia izan da: langileak kexatu arte soldaten murrizketekin jarraitzea”

Ordezkari sindikalek ere trantsizioko prozesu honetan arazoak izan zenituzten.

Egoera ondo ulertzeko, garrantzitsua da gogoratzea gu subrogatuak izan ginela. Egoera horietan, normalean, ordezkari sindikalak mantendu ohi dira, hurrengo hauteskundeak antolatu arte. Enpresak, ordea, ezetza eman zuen horretarako. Horregatik, ELAko ordezkariok demanda bat aurkeztu genuen egoera salatzeko eta arrazoia eman ziguten auzitegiek.

Gaur egun, ordezkari sindikalak izaten jarraitzen dugu hurrengo hauteskundeak ospatu arte; beti ere, gure borrokari esker izan dela ahaztu gabe.

Zein da momentu honetan enpresarekin duzuen harremana? Zer erantzun jaso duzue orain arte?

Ostegunean egin genuen azken bilera eta, bertan, langileek transmititu dizkiguten eskaerak helarazi genizkien. Hurrengo egunean, enpresaren erantzuna jaso genuen eta, behin erantzunaren hausnarketa bat egin ostean, mobilizazioak bertan behera uztea erabaki genuen. Ikus dezakegu guk aipatutako eskaerei erantzuten hasi direla, soldaten ordainketari dagokionez bereziki, eta kontziente gara eskatutako gauza batzuk denbora beharko dutela gauzatzeko. Hortaz, konfiantzazko boto bat ematea erabaki dugu, momentuz.

“Konfiantzazko boto bat ematea erabaki dugu, momentuz”

Bestetik, badakizue enpresa honek kudeatzen dituen beste polikiroldegietan ea antzeko arazoak izan diren?

Bai, hala da. ELAn, Bilbo Kirolaketik aparte, bilera sektorialak lantzen ditugu eta ni, pertsonalki, negoziazio-mahaiko kidea naiz. Bilera horiei esker, jakin dugu ohikoak direla horrelako arazoak. Izan ere, kideek abisatu ziguten Gizarte Segurantzako lan-bizitza txosteneko kantitateekin arazoak izan zituztela. EmteSPORTek soldatak gaizki ordaintzearen ospea dauka.

Azkenik, lanuzteak antolatu zenituzten otsailak 27 eta 28an. Martxoak 6 eta 7rako ere aurreikusita zenituzten, baina bertan behera uztea erabaki duzue. Zer balorazio egiten duzue mobilizazioen harira?

Lanuzteak antolatu genituenean, gure helburua enpresari ohartarazpen bat helaraztea zen. Bereziki, nominak eta diru-sartzeak egiteko modua zuzendu zezan. Momentuz uste dugu aurrerapauso handi bat eman dugula, baina etorkizunera itxaron beharko dugu enpresak hartu dituen konpromisoak betetzen dituen ikusteko. Hortaz, orokorrean, egindako mobilizazioen irakurketa positiboa egiten dugu.