Gurpildun aulkiko saskibaloiko taldeak joan den asteburuan Madrileko Miguel Guillén Prim polikiroldegian jokatu zuen aurtengo edizioko Errege Koparen finala. Partidu honetarako ibilbidea, ostera, ez da beti gauza erreza izan. Izan ere, aurreko egunean Ilunion taldearen aurkako partiduan markagailua irauli egin behar izan zuen.
Partiduaren garapenari dagokionez, hasieratik lortu zuen talde bilbotarrak markagailuan aurretik jartzea. Hala, lehendabiziko laurdena 19-23ko emaitzarekin bukatu ostean, atsedenaldira 12 puntuko aldearekin iritsi ziren (27-39). Ondoren, irabazleari gauzak estu jarri zizkion Albaceteko taldeak, bi taldeen arteko diferentzia puntu bakar batera murriztuz (54-55). Azkenengo laurdenean, Adrián Yañezen jokalariek markagailuan aurretik doanaren presioa kudeatzen jakin zuten, partiduari 72-80ko emaitzarekin amaiera emanez.
Bestalde, bereziki aipatzekoa da Bidaideak taldearen jokalarien kasua; izan ere, euskal taldean, Amiab Albaceten eta Ilunionen ez bezala, hiru jokalari profesional baino ez daude, eta gainerakoek entrenamenduak eta lehiaketak beren lanekin uztartzen dituzte. Entrenatzailea bera barne, Gasteizko ikastetxe batean irakasle gisa lan egiten duena.