Aurreko legealdiaren balorazioa
Hautagaiak bukatzear dagoen legealdian Bilboko Udalean Elkarrekin-Podemosen bozeramaile bezala izandako esperientziari heldu dio galderari erantzuteko. “Kontuan izanda ezohiko agintaldia izan dela pandemiagatik, gure aldetik, apaltasunez, esan dezaket lan ona egin dugula. 122 proposamen proposatu ditugu udal batzarrean”. “Politikoki, Aburtok 8 daramatza boterean eta guk ez dugu identifikatzen uzten digun legatua”. “Bada garaia botere politikoa aldatzeko, emakume alkate bat izateko; azken finean, Bilborako politika ausartak hartuko dituena”.
Hurrengo lau urteetarako lan ildo nagusiak
“Enplegua, etxebizitza, hiri agenda berria eta emergentzia klimatikoa”. Horretaz gain, bereziki gazteek pairatzen duten egoeran eta prekarietate baldintzetan jarri du fokoa, emantzipatzeko dituzten zailtasunak aipaturik.
Etxebizitza
Bilbon etxebizitza baten alokairuak duen bataz besteko prezio altuari buruz galdetuta, Viñalsek Espainiako Senatuan onartu berri den etxebizitza legeari egin dio erreferentzia. “Legeak aplikatu behar dira Bilboko etxebizitzaren egoera hobetzeko”. “Gure apostua alokairuzko etxebizitzak dira, bakoitzaren soldataren araberakoak”. Bestalde, Bilbon hutsik dauden etxebizitza kopuruari egin dio erreferentzia, bankuen eta funts putreen eskuetan daudenak, hain zuzen. “Beraz, guk uste dugu hutsik dauden etxebizitzak parke publikora pasatu behar direla”.
Mugikortasuna
Zentzu honetan, hautagaiak jasangarritasunaren kontzeptua azpimarratu du. “Kontuan izan behar dugu Bilbon % 61a oinez mugitzen dela (…) Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela oinezkoentzat kale gehiago bideratzea”. Era berean, ordezkatzen duen koalizioak bizikletaren aldeko apostua egiten duela adierazi du. “Bizikleta gure aliatua da, ez du kutsatzen (…) Baina Bilbon oraindik ez dugu bidegorri-sare interkonektatu eta seguru bat. Gainera ez dugu zentzu honetan plan estrategikorik”. Azkenik, inflazioaren ondorioz, garraio publikoaren prezioa mugatzeko beharra nabarmendu du.
Turismoa
Gaiarekiko kezka onartu badu ere, Viñalsek uste du oraindik ez gaudela Donostin bezalako egoera batean. Dena den, arazo larriak ekiditeko, 2 neurri prebentibo hartu beharko lirateke bere ustez: tasa turistikoak ezartzea eta pisu turistikoak kontrolatzea (alde zaharrean bereziki). “Guk planteatzen dugun turismoa orekatua da. Gure iritziz fokoa turismo internazionalean jartzen da, baina pandemiak erakutsi zigun turismo lokala ere oso garrantzitsua dela”.
Auzoak
Bi abiaduratako Bilbo existitzen dela (erdigunea eta auzoak) uste duten iritzien inguruan galdetuta, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza/IU-Berdeak Equo-Alianza Verde koalizioko zerrenda buruak uste du errealitatea konplexuagoa dela. “Gure ustez hainbat abiadura daude Bilbon. Auzoak desberdinak dira eta bakoitzak bere beharrak ditu”. Bere iritziz, zentzu honetan garrantzitsua zera da: zerbitzuak eta infraestrukturak berberak izatea.
Horretaz gain, eredu polizialari dagokiomez, hiritarrek segurtasunari buruz duen kezka aipatu du; hala, egungo udal poliziala aldatzeko beharra azpimarratuz.
Euskara
Euskarari ordezkatzen duen koaliziotik ematen dioten garrantziari buruz galdetuta, alkategaiak argi utzi du haientzako euskara eskubide linguistikoa dela. “Gure altxorra da. Babestu egin behar dugu. Horretarako, biderik onena praktikatzea da”. Ildo horretan, euskarak bizi duen egoera larriari buruzko kezka erakutsi du, EHUko Soziolingustika Klusterrak plazaratutako txostenari erreferentzia eginez. Egoera horri aurre egiteko, udal euskaltegi sarearen sorkuntza proposatzen du koalizioak, euskara doainik ikasteko aukera egon dadin. Azkenik, euskaraz lan egiten duten komunikabideei dirulaguntzak areagotu beharko liratekeela adierazi du.
Elkarrizketa osoa entzuteko, sakatu hemen.