Juan Mari Aburto: “Auzoetako bizi-kalitatea bermatzeko beharrezkoa dugu auzo guztiak Bilboren parte sentitzea”

uriola.eus 2023ko mai. 25a, 14:51

Bilboko 2023ko udal hauteskundeen azken txanpan gaudelarik, beste behin ere Bilbo Hiria Irratiaren laguntzarekin batera, oraindik Bilboko alkate den eta datozen hauteskunde hauetan ere EAJ alderdiko hautagaia dena elkarrizketatu genuen atzo: Juan Mari Aburto. Aburtok zortzi urte egin ditu Bilboko alkate, eta beste lau egiteko aurkeztu du bere burua. Promesak egitea baino konpromisoak hartzea gustatzen zaiola dio bilbotarrak.

Aurreko legealdiaren balorazioa

EAJko hautagaiak bukatzear dagoen agintaldian arlo profesionalean zein pertsonalean bizi izandako zailtasunak nabarmendu zituen. “Dena den, ez gara gelditu. Proiektu guztiak aurrera eraman ditugu, baita udalaren eguneroko kudeaketa ere. Beraz, postibotzat hartuko nuke legealdia”. Era berean, gainontzeko alderdiekin egindako elkarlana azpimarratu nahi izan zuen, hurrengo urteetan berdintsu ekiteko asmoa erakutsiz.

PSErekin osatutako koaliziozko gobernuaren balorazio positiboa ere egin zuen Aburtok. Bestalde, hurrengo legealdian formula berdina erabiltzearen inguruan ez zuen ezer aurreratu, aterik itxi gabe hain zuzen. 

Euskara

Hautagaiak bi erronka nagusi bereizi zituen: barrura begira, euskara udalaren barruko lan hizkuntza izatea sustatzea; eta kanpora begira, ordea, euskarak bizi dituen jakintzaren eta erabilpenaren arteko errealitate kontrajarriak aipatu zituen, azken elementu honen sustapenean fokoa jarriz. Bilboko eragile euskaltzaleekin eginiko elkarlanari dagokionez, zera adierazi zuen, “Bilbon dauden eragileek proposamenak egiten dituztenean, gure asmoa da beti hor egotea, Korrikaren kasuan esaterako”. 

Euskal hizkuntzak gaztelaniarekin bizi duen elkarbizitzari dagokionez, “Begirada atzera bota ezkero, egoera hobeagoan gaude. Hala ere, egin dugun bidea ez da nahikoa, aurrean daukaguna luzeagoa da”. Zentzu horretan, bereziki alderdi politikoei erreferentzia egin zien euskararen kontra ez daudela esatea aski ez dela adierazteko, eta adierazpen horrek ondorioak izan behar dituela aldarrikatzeko: euskararen alde dauden ekimenak bultzatzea, hain zuzen. 

Turismoa

Hiriak azkenaldian bizi duen turismo gorakadari dagokionez, Aburtok hiriburuak azken 30 urteetan zentzu honetan izan duen bilakaera goraipatu zuen. Hala, gaur egun hiriak nazioarteko turistentzat duen interesa eta honek dakartzan onura ekonomikoak nabarmendu nahi izan zituen. “Beti esaten dugu tokiko ekonomia garrantzitsua dela (merkataritza, esaterako). Horregatik, turismoa oso inportantea da”. Dena den, proposatzen duten turismo ereduari buruz hitz egiterakoan, turismo jasangarria aipatu zuen. Ildo horretan, hiriaren turismoaren egungo egoera ona dela adierazi zuen, baina etorkizunean honekin lotutako neurrien inguruan eztabaidatu beharko dela onartu zuen.

Etxebizitza

Bere bizipen pertsonaletatik abiatuta, gai honen inguruan gazteek dituzten zailtasunak ezagutzen dituela adierazi zuen hautagai jeltzaleak. “Udaletik eta gainontzeko erakundeetatik etxebizitzaren alde izan behar dugun politika bakarra alokairuarena izan behar da”. Horretaz gain, etxebizitza gehiago eraikitzeko beharra nabarmendu zuen. Izan ere, Bilbon beste hiri batzuekin alderatuta dagoen etxebizitza publikoaren ratioa espainiar estatuko onena dela adierazi zuen.

Auzoak

Bilboko auzoetarako hurrengo lau urteetarako proposamenei dagokienez, “Auzoetako bizi-kalitatea bermatzeko beharrezkoa dugu auzo guztiak Bilboren parte sentitzea”. Asmo horri heltzeko, zenbait elementu aipatu zituen, besteak beste: irisgarritasuna eta egoteko guneak. 

Azkenik, udarako auzo desberdinetako jaiak hurbiltzen ari diren honetan, TicketBAI proiektuari buruz mintzatu zen. “Ez nengoke sistema horren kontra. Nire ustez, norberaren kudeaketa gardena izan behar da. Dena den, zentzu horretan elkarlana beharrezkoa litzateke”.