Aurreko legealdiaren balorazioa
Hautagaiaren ustez bukatzear dagoen legealdi honetan ez da neurri berritzailerik izan. Era berean, herritarren parte hartzea sustatzen duen udalaren apostua egitea beharrezkoa dela adierazi zuen. Pertsonalki azken urte hauetan udalean egon ez bada ere, unibertsitateko irakaslea baita ofizioz, egiteko gauza ugari geratzen direla argi utzi zuen.
Hurrengo lau urteetarako lan ildo nagusiak
Igande honetan egingo den bozkaketarako EH Bilduk aurkezten dituen elementu nagusiei dagokienez, Del Riok etxebizitzan jarri zuen fokoa: bereziki gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunetatik abiatuta, alokairu zein etxebizitza publikoak areagotzeko beharra azpimarratu zuen; zentzu horretan etxebizitza turistikoen problematika ere aipatu zuen alkategaiak.
Etxebizitza
Alokairuak mugatu beharko liratekeela adieraziz heldu zion auzi honi. “Bilbon alokairuen media 824koa da. Gainera badakigu batzuetan ez dela erreza etxe horiek topatzea. Aldi berean, 5000 etxebizitza huts daude. Orduan, argi dago hor arazo bat dagoela”. Edozein kasutan, auzo guztietan egoera berdina ez dela onartu bazuen ere, errealitate hau toki guztietan pairatzen dugun problematika dela adierazi zuen. Zentzu horretan, agerian utzi nahi izan zuen onartu berri den legearen garrantzia, bere alderdiak honen onarpenean jokatu duen papera nabarmenduz.
Mugikortasuna
“Oso garrantzitsua iruditzen zaigu auzoetan bizitza osoa egiteko aukera osoa izatea. Horretarako garrantzitsua da ondo konektatuta egotea. Ildo horretan gauza askoren inguruan hitz egin behar da, autobusen kasuan, esaterako, funtsezkoa da autobus lerro horiek berrantolatzea. Ez dute erantzuten gaur egungo beharretara, gaur egungo eskaeretara. Beraz datorren legealdiaren hasiera arazo horri heldu beharko zaio”. Horretaz gain, Del Riok metroaren 4. linearen garrantzia nabarmendu zuen, baita metroaren eta bizikleta publikoen ordutegia luzatzearena ere. Bestalde, hiriaren peatonalizazio prozesua defendatu zuen.
Turismoa
Oro har, elkarrizketan zehar turismoak zeharka etxebizitza bezalako gaietan duen eragina aipatu zuen arren, turismoaren auziari modu zuzenean heldu zion baita ere. “Turismoa guri egokitu behar da eta ez gu turismora. Iruditzen zaigu edozein ekimen ekonomiko bere mugatik dituela. Beraz, guztion artean aztertu beharko ditugu muga horiek non dauden”. Izan ere, arlo horretan hiriburuak azken hamarkadetan bizi izan duen aldaketa aipatu zuen, gure ekonomia bertan oinarritu ezin dela argi utziz.
Auzoak
EH Bilduko hautagaiak herritarren parte-hartzea areagotzea garrantzitsua dela adierazi zuen. Horen harira udaletik egiten diren saiakeren inguruan, “Batzutan jendeak sentsazioa du egiten diren ekimen horiek ez direla parte-hartzea bultzatzeko, eskaera horiek udalera heltzea oztopatzeko baizik”. Era berean, herritarrek gertukoagoa sentitzen duten eredu polizial baten ereduarekiko defentsa egin zuen.
Bi abiaduratako Bilbo existitzen dela (erdigunea eta auzoak) uste duten iritzien inguruan galdetuta, bi elementuen arteko desberdintasuna onartuz ekin zion erantzunari. “Egia da ez dela gauza bera auzo batean edo bestean bizitzea. Badakigu eragina daukala esparru guztietan. Esaterako, auzo batzuetan langabezian egoteko aukerak zazpi aldiz handiagoak dira beste auzo batzuetan baino”.
Euskara
Del Riok Bilbon euskarak duen erabilpen baxua aipatuta heldu zion galderari. “Behar dugu ordenantza berezi bat euskarari zuzendua eta oso garrantzitsua da udaleko esparru guztietara zabaltzea”. Azkenik, gizarte eragile euskaltzaleekin elkarlana orokorra izan behar da hautagaiaren iritziz. “Badaude zenbait esparru euskara munduan uste duguna zeregin handia daukagula udalaren partetik”. Horregatik, eragile hauei udalaren ekimenetan parte hartzeko aukera emateko apostua erakutsi zuen.