Uda garaiarekin batera, urtero legez hastear da arraun denboraldia. Hala, azken urteetan egin izan den bezala, aurten, Bizkaiko Traineru Txapelketa antolatu da Lekeitioko uretan, liga desberdinak hasi aurretik.
Sailkapen jardunaldirik gabe, atzo, ekainaren 4an, jokatu zen zuzenean txapelketa. Norgehiagokak 3 maila desberdineko arraun taldeak bildu zituen, orotara 20 traineruk parte hartuz: 6 beteranoen mailan, 4 emakumezkoenean eta 10 gizonezkoenean. Lehenengoan, Getxok lortu zuen garaipena, Mundaka eta Bilboko Arraunlari Beteranoez jarraituta. Emakumezkoenean, Kaikuk irabazi zuen Deustok eta Ondarroaren aurretik. Azkenekoan, Urdaibai izan zen garaile, Zierbanarekin eta Kaikurekin podiuma osatuz.
Bilboaldeko emakumezko arraun talde bakarrak, aparteko estropada egin zuen, joan den urtean bezala, bigarren postua lortuz. Behin bateletako eta trainerilletako denboraldiak bukatuta, euskotren ligarako igoera lortzen saiatuko dira tomaterak.
Era horretan, behin neguko entrenamendu luzeak bukatu eta gero, taldeak prest daude beste denboraldi bati ekiteko. ARC liga izango da lehendabizi hasiko dena ekainaren 17an Lapurdin. Ondoren, uztailaren 1ean Euskolabel eta Euskotren ligak hasiko dira Coruñan.