Athleticek zortzi autobus linea berri aurkeztu ditu etxeko ligako partidetarako

uriola.eus 2023ko uzt. 10a, 18:58

Autobus lineak 'Athletic Mugituz' izenpean garatutako mugikortasun proiektuak proposatu ditu. Argazkia: Wikimedia Commons.

Garraiobide hau erabili ahal izateko, zaleek denboraldi osorako bonu bat erosi beharko dute. Izena emateko epea, uztailaren 19tik abuztuaren 1era bitartean izango da.

Athletic Clubek zortzi autobus linea martxan jarriko ditu etxeko partidetarako irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Bonuak ez ditu LaLigakoak ez diren partidak barne hartuko; hala nola, Errege Kopako partidak.

‘Athletic Mugituz’ izenpean garatutako mugikortasun proiektu hau, zale eta bazkideek egindako proposamenak aztertu eta gero plazaratu du taldeak.

Epeak

Bazkideek uztailaren 19tik aurrera eman ahal izango dute alta, Autobuses La Unionen webgunean. Horrekin batera, kontuan izan behar da abuztuaren 1etik aurrera ezin izango dela zerbitzu hau eskatu.

Bonuak eskuratzeko, ezinbestekoa izango da bazkide, Gazte Abonoa edo dagokion neurketarako sarrera erosita izatea.

Autobus lineak

Klubak zortzi autobus linea proposatu ditu:

  • Aiara (Amurrio, Orozko eta Laudio)
  • Arratia (Zeanuri, Areatza eta Igorre)
  • Enkarterri (Balmaseda, Zalla eta Sodupe)
  • Durangaldea (Durango eta Zornotza)
  • Lea-Artibai (Lekeitio eta Markina)
  • Bermeo-Mungia (Bermeo eta Mungia)
  • Busturialdea (Gernika)
  • Gasteiz