Aste honetan itzuliko da Darabilbo euskarazko aisialdirako doako programa

uriola.eus 2023ko ira. 19a, 13:39
Argazkia: Darabilbo

Uztaila eta abuztuko geldialdiaren ostean, lau ekitaldi berrirekin emango diote harrera kurtso berriari.

Ostiral honetan izango da lehenengo jarduera, kakorratz-lanen tailerra 18:30etan Uribarriko udaltegian. Datorren astelehenean, hilak 25, bi ikustaldi gidatu antolatuko dituzte Arte Ederren Museoan, 10:00etan eta 18:00etan, eta irailak 27an bi jarduera izango dira, zientzia-hitzaldia Santutxuko udaltegian eta dastaketa gastronomiko tailerra Ametsgorri kultur elkartean, Olabeagan, biak 19:00etan. Jarduera guztiak dohainekoak izango dira eta hauetan parte hartzeko baldintza bakarrak aldez aurretik izena ematea eta 16 urtetik gorakoa izatea dira (familiako jardueretan gazteagoek ere parte hartu ahal izango dute).

Darabilbo 2013an eratu zenetik, askotariko jarduerak antolatu dituzte Bilboko barruti guztietan. Ekimen hau Udalak eta Bilboko Euskaltegien Sareak sortua da, euskara maila hobetu edo aisialdirako euskarazko aukeraz gozatu nahi dutenentzat. Izen ematea eta programa osoa Darabilboko web orrian.