Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak azaldu du nola kafea, tea, azukrea zein beste produktu batzuen produkzioak pobrezia, abusuzko lan-baldintzak zein haurren lan-esplotazioa dakartzala, batez ere Latinoamerika, Asia zein Afrikako herrialdeetan. Honen aurrean, Bidezko Merkataritzako produktuek langileen duintasuna eta ingurumenarekiko errespetua bermatzen dute. 60. hamarkadan jaio zen eredu komertzial hau eta estatuan etengabeko hazkundea izan du, 144 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa lortu duelarik azken urteetan. Fenomeno hau plazaratzeko, Bilboko hirian salmenta eta bestelako jarduerak izango dira ostegunean, hainbat erakunderen eskutik: Bizkaiko Bidezko Merkataritzako erakundeak, Proclade-Yanapay, Adeco elkartea, Setem Hego Haizia, Oxfam Intermon, Kidenda eta Fundación Vicente Ferrer.
Indautxun egingo diren jarduerez gain, hirian zehar dauden ia 80 saltoki, jatetxe eta taberna biltzen dituen gida eskuragarri egongo da bai fisikoki zein era digitalean, Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta-puntuak erakutsiko dituena. Hiriko barruti guztietako dendak dira gidan agertuko direnak, bertan 13 langile eta 151 boluntariok egiten dute lan, gehienak emakumezkoak.
Indautxu plazan izango da ekitaldia ostegunean, 17:00etatik 20:00etara, eta Bidezko Merkataritzako produktuen salmentaz gain, antzerkoa, ipuin kontalariak, munduko jolasak, dastaketak eta beste hainbat jarduera daude aurreikusita arratsaldean zehar.