Triatloia 15:00etan hasiko da Itsasmuseumetik, 1,9km-ko igeriketa proba izango da itsasadarrean zehar. Honen hasierak marearen igoerarekin bat egingo du, beraz lehiakideek aldeko korrontea izango dute. Ondoren txirrinduz 83,5km burutuko dituzte, antolatzaileen hitzetan“txirrindu zaletasun finena duen Bizkaiko lurralde historikoa” inguratzen, eta, azkenik 21km-ko oinezko proba izango da, itsasadarraren paseoa eta inguruko toki entzutetsuenetakoak zeharkatuko dituena, Guggenheim ondotik igaro, Zubizuri zeharkatu eta Euskalduna Jauregian emango zaio amaiera.
Zenbait berrikuntza ibilbidean
Lasterketaren berritasunetako bat bizikleta ibilbidea izango da: Itsasmuseum Bilbon hasi, Euskalduna Zubian zehar Deustura iritsi, handik San Ignaziora, Elorietatik Bilbotik irten, Txorierri barrena joango dira lehiakideak Larrabetzuraino eta bertatik beste edizioetako ibilbideari ekingo diote: Morga mendatea, Mungialdea, Butroe, Urduliz, Unbe, EHU, Erandio, eta berriz Bilbora itzulera, Elorrietatik berriz ere.
Sari banaketa
Lehen lehiakidea txirrindularitza ibilbidearen amaierara 17:20 aldera iritsiko dela espero da, eta 18:30 eta 18:40 artean helmugara, 19:00inguruan emakumezkoen kategorian. Sari banaketa 20:00etan hasiko da eta 1500, 100 eta 500 eurokoak izango dira, hurrenez-hurren, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuan iristen direnentzat, gizonezko zein emakumezko kategorietan.