Ekologistak Martxan Euskal Herriko ingurumen arazoak salatzen eta naturaren defentsan diharduen eragilea da. Hala, Arartekoarekin egindako bileran bi eskaera luzatu zizkioten eragileko ordezkariek: bata, Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jarri behar duela gogorarazten zuena eta, bestea, Bilboko Udalak airearen kutsadurari aurre egiteko epe laburreko protokoloa garatu ez duela ziona.
Lehenengoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Ozonoa Hobetzeko Plan bat egiteko duen beharra azpimarratzen zuen. Eragilearen arabera, “ES1613 Barrualdeko arroak izeneko eremuan osasuna babesteko ezarritako ozonoaren balio objektiboa gainditu da”. Horregatik, 34/2007 Legeari eta 102/2011 Errege Dekretuari erreferentzia eginez, hobekuntza-planak egiteko neurriak agintari autonomikoentzat suposatzen duen derrigortasuna gogoratu zuten. Ordezkariek salatu dutenaren arabera, behar honen inguruan Jaurlaritza informatu zuen arren, oraindik ez dute erantzunik jaso.
Bigarrenaren kasua, ordea, “Airearen kutsadurari aurre egiteko Epe Laburreko Protokoloa edo Jarduera Plana” izeneko dokumentuaren betearazpenarekin du zerikusia; hain zuzen ere, Bilboko Udalari egozten diote bete ez izana. “Protokolo horiek gai kutsatzaile nagusientzat ezarritako alerta-atalase berrietakoren bat gainditzeko arriskua duten 100.000 biztanletik gorako autonomia-erkidegoek eta udalek egin beharko lituzkete”.