Noiz hasi zen Baso Biziak elkartea eta nolatan sortu da hiriko zuhaitzen defentsarako elkartzeen batzarra egitea?
Baso Biziak plataformak 3. urteurrena beteko du datorren ekainean. Sortu ginen, gehienbat, pinuen “banda marroiaren” gaixotasunaren harira; mendian zegoen egoerari alternatiba bilatzeko momentua zela iruditu zitzaigun. Zoritxarrez, zaharrak berri; bazegoen eukaliptoa Bizkaia aldean eta horri jarraitu zioten, toki askotan eukaliptoa landatzen, eta hor hasi ginen, mendiari begira. gerora ikusi dugu, azken bi urteetan, ikusita gehienok gune urbanoetan bizi garela hirietako berdeguneen alde ere egin behar genuela. Herriz herri egoera horri aurre egiten saiatzen diren mugimenduak ezagutu genituen, eta haiekin bilera bat egitea erabaki genuen irailean. Denek begi honez hartu zuten denon indarrak eta esperientziak batzeko proposamena, hori izan zen abiapuntua.
Nolakoa izan da elkarteen saretze prozesua?
Irailetik honako denbora motzean talde birtual bat egin dugu, non informazioa partekatzen dugun. Gure buruari helburu batzuk jarri dizkiogu, zuhaitzen mozketa eta kimaketatik haratago joateko, zerbait integralagoaren bila, horregatik jarri genion Denon Berdeguneak izena; parkeak, gerriko berdeak, eta abar ere kontuan hartzeko. Esperientzia partekatzeak ematen digu batasuna. Etorkizunean beste bilera bat egiteko asmoa daukagu, araudia zertan datzan aztertzeko; baditugu eredu batzuk, Barakaldokoa adibidez, nondik jo eta Udalei zer eskatu jakiteko. Zoritxarrez dinamika hau hainbat udaletxetan errepikatzen delako, aldaketa klimatikoaren garaian, trantsizio ekologikoarekin ahoa betetzen zaie.
Hiri berdeak eraiki nahi baditugu, egin ditzagun, baina ez dezagun gauza bat esan eta bestea egin
Udalek neurri “berdeak” ezartzen dituzten aldi berean, hirietako landarediaren aurkako proiektuak jartzen dituzte martxan. Nola azal daiteke hau?
Beti dago aitzakiaren bat zuhaitzak mozteko. Trantsizio ekologikoaren izenean politika batzuk hartzen ari dira, honekin berarekin kontraesankorrak direnak; ze trantsizio mota da zure ondare naturala modu horretan tratatzen baduzu? Gaixorik daudela eta bota egin behar dituztela esaten dute askotan, baina zergatik daude gaixorik? Horren atzean prozesu bat dago: ze trataera ematen diegun zuhaitzei, parkeei edo gerriko berdeei, Gasteizko kasuan bezala. Munduko Osasun Erakundeak esaten du herritar bakoitzari 10 metro karratu berdegune dagokiela, eta Donostiako Basque Culinary Centerren lanak direla eta, azterketa bat egin zuten SOS Manteokoek, eta Groseko pertsona bakoitzari 0,24 metro karratu egozten zitzaizkion. Hiri berdeak eraiki nahi baditugu, egin ditzagun, baina ez dezagun gauza bat esan eta bestea egin.
Ba al da aurrerapausu legalik gune berdeen babeserako?
Europatik gero eta abisu gehiago datoz zentzu honetan. Adibidez, badago bat oso interesgarria, ez dakiguna ia gune urbanoei eragingo dien; otsailean onartuko da “Berdeguneen “Leheneratzea”, hau da, lehen zeuden egoera bateranzko bidea hartzea bai mendietan, bai naturguneetan, eta baita ere, behintzat sinistu nahi dut, gune urbanoetan. Zer esan nahi du honek? Hiri eta herriak berdeagoak izan daitezen pausoak ematen hasi beharko garela. Paris adibidez hasi da neurriak hartzen asfaltoa gutxitzeko, etxeen teilatuak berdetzeko, zuhaitz gehiago landatzeko, parkeak handitzeko… Parisek egiten badu zergatik ez guk? Presioa legedi baten bidez badator eta lagungarria bada, ongi etorria; baina bitartean ezin gara Bruselastik esaten digutenaren zain egon. Gauzak argi eduki behar ditugu dauzkagun herri mugimendu horiek mantentzeko. Tentsio eta saretze minimo bat behar dugu eta horregatik Denon Berdeguneak koodinadora sortu dugu, herri mugimenduek jarrai dezaten.
Etorriko zaizkigun bero boladen aurrean ez digu balioko haize egokitua duen taberna batean zerbait hartzera sartzeak, agian momentuan bai, baina hori ez da epe luzerako irtenbidea
Zenbaterainokoa da gaiaren inguruko kontzientzia herritarren artean?
Guk uste dugu naturak jarriko gaituela, zoritxarrez, gure lekuan. Badaude negazionistak ere, inoizko elurte handienak edo dena delakoa izan ditugulako ezer txarra gertatzen ari ez dela diotenak, baina badakigu, nahiz eta hori esan, zer gertatzen ari den azken boladan. Hor badaude “tranpak” baita ere. Adibidez, Udalek badakite aterpe-klimatikoak sortu edo egokitu behar direla, eta zein da egiten duten tranpa? Donostiako aterpe klimatikoen sarean adibidez, kultur etxeak, zinemak, elizak eta baita merkataritza-guneak ere sartzen dira. Ez gara hortaz behar adina mintzo. Demagun gainbehera momentu bat dagoela; leku horiek bai, itzala emango dute, baina orduan denon etxeak aterpe klimatiko kontsideratu beharko ditugu. Aterpe-klimatiko naturalak bultzatu behar ditugu, gainera guztiz frogatuta dago zein onura dakarzkiguten bai gizakioi, bai bioaniztasunari, tenperatura jaitsierari, zein airearen kalitateari. Guk ere hori aldarrikatzen dugu gero eta maizago, etorriko zaizkigun bero boladen aurrean ez digu balioko haize egokitua duen taberna batean zerbait hartzera sartzeak, agian momentuan bai, baina hori ez da epe luzerako irtenbidea.
Aterpe klimatikoak, gainera, irisgarriak izan behar dira; hirian zehar sakabanatuta egon behar dira eta ez hiriaren puntu batean pilatuta- Jendea modu erosoan iritsi behar da haietara; parke zoragarri bat badaukazu, baina adineko jendea, adibidez, bertara iritsi ezin bada, jai daukagu.
Gardentasuna falta al da Udalen proiektuetan?
Adibidez Donostiako Manteon egin nahi duten lanen planoak publikoak dira, baina Udalak ez du onartutako planoen inguruko ezer esan, Uliako Auzo Elkarteak berak egin nahi zuten basakeria aurkeztu zigun arte. Planoan ikusten da Basque Culinary Centerreko eraikinaren azpian lau solairu egin nahi dituztela. Orduan txarto pentsatzen hasi eta, kontxo, ez dituzte ba handik bizpahiru kilometrotara egingo duten autopistaren irteeratik datozen autoak hona bidaliko? Zergatik ez dituzte gauza hauek azaltzen? Beraiek ere badakitelako hanka sartu dutela, baina aurrera doaz, herritarren bizkarretik konpromezu batzuk hartu dituztelako eta orain sinatu dutena bete besterik ezin dutelako egin.
Badirudi etxeak falta zaizkigula, baina errealitatean etxe asko hutsik daude, eta hiri askotan gelditzen diren berdegune apurrak porlanez estaltzen dira bitartean
Zeintzuk dira etorkizunera begira gure herri eta hiriak berde izan daitezen dauden erronka nagusiak?
Guk badakigu egin behar diren ekimenak ez daudela berdeguneekin bakarrik lotuta; garraioa, etxebizitza… Hori dena barne dago. Hirigintzan ere, badirudi etxeak falta zaizkigula, baina errealitatean etxe asko hutsik daude, eta hiri askotan gelditzen diren berdegune apurrak porlanez estaltzen dira bitartean. Badakigu eraikuntza-enpresen presioak eta mila historiok eragina dutela erabaki honetan, baina hori da daukagun errealitatea.
Urtarrilak 27an izango da Hiriko Zuhaitzen Defentsarako Elkarteen I. Batzarra, nolakoa izango da estreinako ekintza hau?
Printzipioz 8 talde egongo gara bertan gure egoera partekatzen: Baso Biziak plataforma, SOS Astigarraga, SOS Olarizu, Barakaldo Naturala, SOS Manteo, Stop Tala Deusto eta Donostiako Haritzalde Taldea. Gero orduerdi utziko dugu jendeak haien galderak eta ekarpenak egiteko. 10:00ak aldera hasiko gara, 13:00ak arte gutxi gorabehera, eta bideoz grabatuko dugu joan ezin direnei zabaltzeko. Etorkizunera begira, beste bilera bat egitea da asmoa, pixkat teknikoagoa, gure artean zuhaitzen araudia eta bestelakoak lantzeko.