Aurten ere, Aste Santuaren egitarau kulturalerako beroketa gisan, Bilbao Basque Fest jaialdia ospatuko da martxoaren 27tik 31ra. 200 jarduera inguru bilduko ditu jaialdiak, haien artean kontzertuak, herri kiroletako probak, dastaketak, zinema-emanaldiak, tailerrak eta beste abar luze bat, gehienak doakoak. Basque Fest-a euskal kulturaren aberastasunaren erakuslehio izatea da, bertako eragile kulturalen lana plazaratzen; eta baita hiriko ostalaritza eta merkataritza sustatzea ere, bisitariak eta bilbotarrak asteburuan hirian gelditu daitezen, egitarau erakargarria aurkeztuta.
Musika jalgi plazara
Musikak pisu handia du jaialdiaren egitaruan; aurten berezikiko garrantzia emango dio kartelak emakumeen eta artista berrien jardunari, Azkuna Zentroan egingo den folk jaialdian, esateko, Kuttune, Sarrabete eta Amaterra taldeak arituko dira, emakumeek gidatuak guztiak. Zenbait estreinaldiren aurkezleku izango da baita Basque Fest, hala nola Eider Sáezek, Nøgen taldeko lider ohiak kaleratutako bakarkako lehen lanarena, eta Manu Gaigne eta Puy Barralen Huesos lanarena ere, zeinak poesia eta musika modu berritzailean uztartzen dituen. Rockzaleentzat ere egitarau zabala izango da jaialdian, Basque Fest Rock Cityren barnean: Jim Jones Allstars, Paniks, MFC Chicken eta beste zenbait talde izango dira entzungai.
Zinema eta antzerkia taulatan
Aurtengo zinema sekzioaren protagonista uzango dira 20.000 especies de abejas eta To bird or not to bird lan sarituak. BBK aretoan egongo dira ikusgai, jaialdiak irauten dituen egunetan, 18:00etatik aurrera. Antzerkiari dagokionez, umorez blai aurkeztu da aurtengo egitaraua, Humor and basque bakarrizketa zikloa izango da martxoak 28an, Jon Plazaolaren Tu Tum Platz emanaldiarekin hasiko dena; Bocabeats Comedia eta Aroa Berrozperen lanak ere izango dira entzungai, besteak beste.
Dena edonon aldi berean
Bost egun iraungo ditu jaialdiak eta sei tematika desberdinetan sailkatuta egongo da haren egitaraua: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Stort, hiriko 30 espazioan eskainiko direnak; guztira 175 jarduerak osatzen dute jaialdiaren eskaintza, 156 artista eta ekintzaileren eskutik.