Abian da Errigoraren udaberriroko kanpaina

uriola.eus 2024ko ots. 26a, 15:52

Martxoaren 13ra arte irekiko dute epea Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko. Azkenaldian bezala, Uriolak euren produktuak zozketatuko ditu.

Atzo, otsailaren 25ean, Errigorak hasiera eman zion udaberriroko kanpainari Lezaun Upategian. “Eutsi gureari” lemapean, Nafarroa hegoaldeko produktuak kontsumitzea du helburu egitasmoak. Izan ere, antolatzaileek eskainitako datuen arabera, “merkatu logikak” zeharo baldintzatzen du nekazarien jarduna. Horren adierazle da, besteak beste: Ager eremuko esplotazioen % 36 desagertu izana azken 12 urteetan, Nafarroan nekazarian % 7ak baino ez izatea 40 urte baino gutxiago edota Euskal Herrian urtero kontsumitzen ditugun 4000 tona garbantzuetatik, soilik 100 hemen ekoiztea.

Azken urteetan egin duten bezala, aurten ere urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen dutena. Era horretan, oliba-olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dituzte eta gainontzeko produktuak, ordea, 12 unitateko sortetan; arroza, bere aldetik 6ko lotetan banatuko da.

Aurtengo edizioan izango diren berrikuntzei dagokienez, ardoak eta babarrun gorriak dira aipatzekoak. Lehenengoen kasuan, ardo berezien aukeraketa bat jarri dute eskuragarri (sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur-ukitua mantentzen dutenak…). Bigarrenak, aurreko edizioetan ez bezala, eskuragarri daude, konbentzionalak eta ekologikoak.

Eskaerak martxoaren 13a baino lehen egin behar dira. Interesa duenak bide desberdina izango ditu produktuak eskatzeko: webgunea (errigora.eus) eta telefonoa (Hegoaldetik deitzeko +34 848 87 12 23; Ipar Euskal Herritik, ostera, +33 532 09 35 45). Amaitzeko, ez ahaztu hurrengo egunetan Uriolak ere produktu hauen zozketa egingo duela.