Aurten ere abian jarri du Askapena plataformak brigada kanpaina, internazionalismoari garrantzi berezia ematen. Palestinaren aurkako erasoek “potentzia inperialisten eta ordena burgesaren basakeria eta hipokresia” berretsi dutela azpimarratu du plataformak, eta, hala, zapalkuntza honen aurrean herri langileak antolakuntzara dei egin dute.
Norbere herriaren eta besteen erresistentziarako giltza gisa defendatzen du internazionalismoa Askapena plataformak, herrien arteko harremanak erraztu eta elkarlanean aritzeko zubiak eraikitzea sozialismoa sortzeko bidea dela gehituta. Alor honetan, garrantzia berezia eman diote elkarlan hau modu antolatuan eraikitzeari, elkartasun hori, antolakuntzarik gabe “airean geratzen diren borondate oneko baina eduki gabeko mezuetan” garatzen baita. Honen erantzun gisa abian jarri dute aurten ere elkartasun internazionalistaren antolakuntza, Euskal Herrian eta nazioartean egin beharreko lana antolatzeko.
Aurten Grezia, Venezuela, Brasil eta Argentina-Uruguayra joango dira brigadak, “herriek bizi duten egoera eta ofensiba inperialistaren aurrean” antolatutako herri mugimenduen egoera ezagutzera. Formakuntza saioen bidez, egungo egoera ezagutu eta “borrokarako beharrak ezagutzeko” tresnak eskainiko ditu Askapenak, Europa eta Abya Yalako askapen borrokak ezagutzeko tartea izango da, besteak beste. Apirilaren 9ra arte egongo zabalik izena emateko epea, brigadak@askapena.eus harremanetarako helbidearen bidez.