Mende erdi ospatu ditu LAB sindikatuak

uriola.eus 2024ko api. 8a, 16:12

Argazkia: LABen 50. urteurrenaren aurkezpen ekintza (Ecuador Etxea)

LABk bere 50. urteurren ekitaldia egin du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian.

Bost hamarkadako historia eta 50.000 afiliatu baino gehiago ditu bizkarrean LAB sindikatuak, behar bezalako ospakizuna eskatzen duen data honetan. Euskalduna Jauregian bildu dira 400 kide eta beste hainbat gonbidatu, 50 urte hauetako ibilbidearen balorazioa egin eta kideei dagokien aitortza egiteko.

“Harrokeria gabeko harrotasuna”

Etorkizunaren mira galdu gabe, atzera begira jartzeko eguna izan da gaurkoa, ““duela 50 urte, langile abertzale talde batek jarri zuen gaur LAB denaren hazia”. Hazi hura ernaldu eta jaio zen zuhaitzak sustraiak sendo errotu zirela azaldu dute sindikatuko kideek, “sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzen ari gara orain, gure egitasmoa aberasten, zabaltzen ari gara”. Sorrerara begira “klase kontzientziaren hazia” izan zela erakundearen sorreraren giltza argi utzi dute, baita “nazio kontzientearen hazia ere”, kapitalismoaren zapalkuntzari lurralde ezberdinetan aurre egiteko beharrari, eta berton frankismoaren Euskal Herriaren jazarpenari ere aurre egiteko behar batetik sortu eta indarra hartu baitzuen sindikatuak. Bi hazi hauei “feminismoaren hazia” ere gehitu zaizkie, “kapitala baino, bizitza nahi dugu erdigunean”, eta horretarako emakumekiko jazarpenaren aurka egitea funtsezko dutela azaldu dute.

Mundu mailako egoeraren kontzientzia eta kezka sakona plazaratu du LABk, alde batetik, Palestinaren genozidioa eta krisi klimatikoa besteak beste, langileen herri palestinarekiko babesa eta atxikimendua helaraziz. Klima egoerari dagokionez, Euskal Herriak krisi ekonomiko eta ekologikoari aurre egiteko estatu tresnak behar dituela azaldu dute; euskalduntze prozesuari, transtizio energetikoari zein osasun eta zaintza sistemei dagokienez “politika burujabeak”. Hurrengo 50 urteetako helburutzat “Euskal Herriaren nazio askapena eta eraldaketa soziala sustatzea” ezari dute, azken 50 urteetan “herri hau desagerrarazteko estrategia desberdinak indargabetzeaz” harro, bere horretan jarraitzea du helburu sindikatuak.

Erakundeen neurri zapaltzaileez gain, kapitalaren boterea bera leihatzearen beharra azpimarratu du sindikatuak, “kontraboterea egite dugu, herri boterea eratzen laguntzeko, nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera egiteko”. Hala, langileen antolakuntzaz eta borrokaz, nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzea jarri du helburu sindikatuak.

LABen historia iruditan

Mende erdi honen historia gogorarazita, etorkizunean aurrera jarraitzeko, LABen historiaren inguruko dokumentala aurkeztu zuten Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorren hitzaldiez gain, bertaratu zirenei bost hamarkadako borrokaren indarraz aurrera egiteko kemena helarazi ziena.