Herri zuri-gorri bat, itsasadarrari so

uriola.eus 2024ko api. 12a, 15:21

Festa giroak bildu zuen atzo athleticzaleen uholdea itsasadarraren ertzean

1984an uretaratu zenetik 40 urte, eta sei Errege Kopako final galdu ostean, azkenean atzo Bilboko itsasadarra nabigatu zuen gabarrak, Valverderen zuri-gorriak barruan. Goizean goizetik zain batzuk, asteazkenetik gaua eginda besteak, egunean zehar zuri-gorriz jantzi ziren itsasadarraren ertzak, hasi Getxotik eta Bilboko udaletxera arte.

 

Udaberriko eguzkiaren sargoriak atzoko zitari muzin egitea oraindik gehiago zaildu zuen, zaleak gogotsu, talde txapelduna azaldu aurretiko azken prestakuntzak aurrera zihoazen: afixak, pankartak, ikurrinak, Athleticen koloreak nonahi ikusgai. 16:30etan irten zen Getxoko Kirol Portutik 80 tonako ontzia, eta 19:00etan iritsi zen udaletxera, zentimetro bakarra ez hutsik ibilbide osoan zehar, etengabeko bandera zuri-gorri kolektiboa. Bidean milioi bat zale baino gehiagok bizi izan zuten txapeldunen festa, asko izan ziren 40 urte lehenagoko ospakizunaren eta atzokoaren arteko berdintasunak jendetzaz gain: bizkaiko traineruek lagundu zuten gabarra itsasadarrean zehar, baziren ontzian, Valverderen jokalariez gain, 84an txapeldun izan ziren Goiko, Manolo Delgado, Salinas anaiak, Sarabia, Miguel Sola eta beste zenbait jokalari beterano, magia momentu hura beste behin bizitzen, garaiko alkandora zuri-gorriz jantziak gazte eta zahar. Ontzitik kanpo ere, duela 40 urte kantu eta ohiu egin zutenak ere ugari, athleticzale belaunaldi desberdinak, ilusio bakarrak elkartuak denak, aitona-amonak seme eta bilobaz inguratuak, gazte koadrilak, neska-mutil, gizon eta emakume irrintzi loriatsu bakarrean bat eginak.

Arratsaldearen argiek ilunak aise estali bazituen ere, entzute handia izan dute emakumezkoen futbol taldeak gabarra uretaratzeo eskubiderik ez izateak, futbolean eta orokorrean kirolean emakumeek jasan behar izaten duten bigarren mailako estatusaren erakusgarri, nahiz eta, kasu honetan, Athleticeko emakumeek palmares izugarria daramaten kolkoan. Zenbait kritika ere piztu ditu ospakizuna amaitzean hiriak hartu duen itxurak; zaborra non-nahi, egunean zehar alai eta koloretsu zegoen Bilbok, zabortegi bilakatuta hasi du biharamona.

Asier Villalibre, Gernikako bufaloak, Bilboko Udalaren balkoitik zabaldutako hitzek, ospakizunaren aho-zapora, zale euskaldun eta uskaltzaleena bereziki, goxatu dute: “Hainbeste jende zaudete hemen, hainbeste gazte; beti esaten da guk influentzia handia dugula. Gura dizuet esan ez ahazteko inoiz Athleticen oinarri garrantzitsuenetariko bat: hori euskara da. Ez dakizue benetan zer polita den zuei denoi euskaraz entzutea San Mamesen, Bilbon, kaletik, edonondik. Gazteei: segi euskaraz berba egiten; nagusiei: segi euskaraz irakasten. Segi dezagun gure oinarrietako bat bizitza osoan eroaten. Gora Euskal Herria”.

Ahotan darabilen hizkuntza dena dela, argi gelditu zen atzokoan Athleticek herriarekiko duen gertutasuna, bata ezin dela inolaz ere bestea gabe izan, hain dira sakonak bata bestearekiko loturak. Bertaratu zirenen, etxetik, lanetik, atzerritik jarraitu zutenen oroimenean luzaro iraungo duen eguna inongo dudarik gabe.