2022an Portugaleteko Sastraka Gaztetxean egin ziren Ekotopaketetan landatu zen Jauzi Ekosoziala eragilea sortu duen hazia; Euskal Herriak aurrean duen erronka ekologikoaren pisua ikusita, egoera honi aurre egingo dion mugimendu ekologista berritzeko beharra ikusi zuten parte-hartzaileek, eta hala, Jauzi Ekosoziala izenpean, “ekologismo soziala integraltasun eta transbertsalitatez landu eta alternatiba sistematikoa plazaratu nahi duen Euskal Herriko mugimendu nazionala” sortzeko xedez sortu dute plataforma berria.
Larunbat honetan, hilaren 4an, aurkeztuko dute Jauzi Ekosoziala prentsaurreko publiko baten bidez Eibarko Untzaga plazako eskilaretan, 11:00etan. Hasierako helburuak argi dituzte; larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko Euskal Herrian justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea, hortarako borroka kulturala disputatu eta gehiengoak artikulatuta. Plataformak bere gain hartuko duen erronka ez da arina, baina, haien hitzetan, “aurkeztera goazen eragileak burutuko duen lana, aspalditik Euskal Herrian ekologismoaren borroka garatu duten eragile eta pertsona guztiei aitortza egiteko modurik onena dela gure ustetan”.