Ekainaren 15etik aurrera, A etiketa eta etiketa gebeko autoei Bilboko erdigunera sarrera mugatuko zaie. Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak plazaratu du aste honetan emisio gutxiko eremua (EGE) indarrean jarriko duten eguna; Abandoko barrutia, Sabino Arana, Trenbidearen etorbidea, Autonomia eta Bailen kaleak hartuko ditu barnean emisio gutxiko eremuak. Hego Euskal Herrian ezarri den neurri honen arabera, 50.000 biztanle baino gehiagoko hiriek (Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo, Getxo eta Irun), pasa den urtetik izan behar izango lukete indarrean neurria, atzerapen nabarmenarekin dijoa aurrera legedia berria, zazpi hiri hauek oraindik ez baitute indarrean jarri.
Lau ingurumen-bereizgarri daude egun, autoak emisioen arabera sailkatzeko: zero emisioko bereizgarri urdina, auto elektriko, autonomia hedatuko eta 40 kilometroko autonomia duten hibridoentzat; eko etiketa berdea 40 kilometrotik beherako autonomia duten kotxe elektriko, hibrido ez-entxufagarri eta gas natural eta petrolioaren gasaz dabiltzanentzat; 2006ko urtarriletik aurrera matrikulatutako gasolinazko turismo eta furgoneta arinek, eta 2015eko irailetik aurrera matrikulatutako dieselek C etiketa berdea izango dute; B etiketa horia 2001eko urtarriletik aurrera matrikulatutako ibilgailuek eta 2006tik aurrera matrikulatutako diesel eta gasolinazko auto eta furgoneta arinek, baita 2006tik matrikulatutako zortzi toki baino gehiagoko ibilgailu astunek.
Talde horietan sartzen ez diren autoek ez dute bereizgarririk izango eta, erdigunean sartu ezkero, zigortuak izango dira. Erdigunera sarbideak kamara bidez kontrolatuta egongo dira, eta automatikoki irakurriko dituzte ibilgailuaren plakak, ingurumen-bereizgarri zuzena eta sarbidea duten jakiteko.