EBZ honen aurrean alternatiba integralak!

Jauzi Ekosoziala 2024ko eka. 14a, 12:45

Argazkia: Stock irudia (Unsplash)

Iristear da Bilbon emisio baxuko zonaldea (EBZ) indarrean jarriko duten eguna; ekainaren 15ean hain zuzen ere. Europako zenbait hirietan ezarri den neurri hau Europar Batasunaren jarraibideak jarraituz, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeari erantzuten dio.


Helburua berotegi-efektuko gasak eta erregai fosila erabiltzen duten ibilgailu motordunen gas eta partikula kutsatzaile emisioak murriztea da. Hau horrela, irizpide jakin batzuk betetzen dituzten autoek baino ezingo dute sartu Bilbo erdigunean, eta legea betetzen ez dutenek isuna jasoko dute. Neurria eskasa da, azken batean, berriz ere, langile klasea baita ondorioak pairatuko dituena. Auto zaharrenak dituztenak dira emisio gutxiko eremuan sartu ezingo dutenak; baita sarrera ahalbidetzen duten autoak erosteko baliabide gutxien dituztenak ere. Beraz, hirietara autoak sartzearen aukera eta “erosotasuna”, herritar sektore ahaldunen pribilegio baino ez da bilakatuko.

Larrialdi klimatikoaren problematikari aurre egiteko, ezinbestekoa da berotegi-efektuko gas emisioak murriztea, noski, baina konponbideak egiturazkoa izan behar dira. Aipatutako neurria ez da nahikoa bere baitan, eta diru-sarrera baxuak dituzten herritarren zama baino ez du bilakatuko. Neurria ekitatiboa izan dadin, beste baliabide batzuk erraztea funtsezkoa da, besteak beste, garraio publikoa bermatzea eta auto pribatuaren erabileraren alternatibak sustatzea. Hiri-eredu bizigarriak eraikitzeko logika ez da gutxi batzuek ordaindu ditzaketen autoak erostera bultzatzea, baizik eta auto pribatuaren erabilera murriztea eta espazio publikoa herritarrontzat berreskuratzea.


Horren harira, hirigintza politikei dagokionez, administrazioek neurri jasangarri horiek hirietako bazter guztietara helarazi beharko lituzkete. Izan ere, emisio baxuko zonaldeak hirietako zonalderik aberatsenetan, denden guneetan edota enpresa handien egoitzen inguruan kokatu ohi dira. Beraz, alde horretatik ere, auzo desberdinen azpiegituren artean oreka mantendu beharko litzateke. Nola liteke EGE indarrean sartzen den aldi berean subflubialaren proiektuak aurrera jarraitzea? Ez al da paradoxikoa lehenengoaren helburua, antza, berotegi efektuko gas emisioak murriztea den bitartean, bigarrenaren helburua auto pribatuen zirkulazio masibo eta jasanezina gehiago erraztea?


Bistakoa da neurri bakar batek ez duela zentzurik gainontzekoan aldaketarik ez badago. Emisioen arazoari aurre egiteko, funtsezkoa da EGEren politikak klase-ikuspegi integral batetik abiatzea. Bakarrik langile klasea eztabaidaren parte bilakatuz lortuko da hiri eredu jasankor eta inklusiboak eraikitzea. Arrazoi horiengatik, Jauzi Ekosozialako kideak EGE eredu hauen aurka aurkezten gara, eta deialdia egiten dugu ekainaren 13an Bilbon burutuko den mobilizaziora gerturatzeko.