Bilboko Banderak itsasadarra zeharkatuko du larunbatean

uriola.eus 2024ko uzt. 9a, 14:10

Argazkia: bilbao.eus

Euskotren Ligako (VI. edizioa) emakumezko arraunlariak eta Eusko Label Ligako (XV. edizioa) gizonezko arraunlariak erlojuaren kontra lehiatuko dira 17:20tik aurrera.

Bilboko Udalak eta Traineru Kluben Elkarteak (TKE) Bilboko Banderaren beste edizio bat aurkeztu dute gaur goizean; uztailaren 13an (zapatua) jokatuko da itsasadarrean. Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Borja Rodrigo ACT-TKEko presidenteak lehiaketaren xehetasun guztiak eman dituzte. Hain zuzen ere, Euskotren Ligako (VI. edizioa) emakumezko arraunlariek eta Eusko Label Ligako (XV. edizioa) gizonezko arraunlariek erlojuaren kontra jokatuko dute estropada arratsaldeko 17:20tik aurrera.

Guggenheim museoa, Zubizuri pasabidea, Salbe zubia... mailarik altueneko estropaden lekuko izango dira zapatu honetan. Euskotren Liga eta Eusko Label Liga Bizkaiko hiriburura iritsiko dira eta Bilboko itsasadarraren bi ertzak kolorez beteko dituzte. Erlojuaren kontrako estropada, teknikoa eta exijentzia handikoa, arraunzaleei ikuskizun aparta eskainiko diena.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak goi-mailako kirol-jarduera honen garrantzia azpimarratu du, ikusmin handia sortzen baitu eta zale asko biltzen baititu. Kirolak eta ikuskizunak batuko gaitu itsasadarraren inguruan, kultura eta tradizio euskaldunei lotutako sustraietara itzuliz; arrauna, hain zuzen ere, erreferente handia da horretan, zalantzarik gabe. Jendea animatu nahi dut Bilboko Banderaren inguruan sortzen den jaigiroarekin bat egitera eta festa horretan parte hartzera.

Borja Rodrigok, TKEko presidenteak, azpimarratu du hitzordua gorriz markatuta dagoela Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren egutegian. "Aurtengoa Bilboko Banderaren hamabosgarren edizioa da, Bilbok eskaintzen duen estropadak ez baitauka parekorik. Erlojuaren kontra egiten den bakarra da egutegian eta gainera, ibilbidea urbanoa denez, arraunlariak uriko eraikin esanguratsuenen ondotik igarotzen dira. Gainera, exigentzia handiko estropada da, teknikoa, ikuskizun handia eskaintzen duena".

Sailkapenaren alderantzizko ordenaren araberako txandak

Txanden konfigurazioa eta irteera-ordena sailkapenaren alderantzizko ordenaren araberakoa izango da. Hori dela eta, emakumezkoen lehiaketan, hau izango da irteera ordena: Tiran Pereira SDa; Hibaika Jamones Ancin; CR Cabo da Cruz eta Hondarribia Bertako Igogailuak.