Goiener elkarteak bigarren urtez ospatuko du aurten Udanbizi txirrindulari bira. Iazko urtean Nafarroan zehar ibili zen Udanbizi, bertako energia berriztagarrien inguruko proiektu herritar eta eraldatzaileak bisitatzen eta megaproiektuek sortzen dituzten albo kalteak eta energiarekin zeharkako zerikusia duten beste zenbait proiektu ezagutzen.
Aurten Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa zeharkatuko dituzte Bilbotik Zumaiarainoko bidean, bitartean Muskizko Petronorren findegiaren inguruko hitzaldi bat jasoko dute, Meatze museoa ezagutu, Hazien sarearen eskutik Urduña eta bertako fruitu haztegia, Errekaleor Gasteizen, Gazta Energy Aretxabaletan, Oñatiko “Ur-Jauziak” zentral hidroelektrikoa, Mirandaola burdindegia Legazpin, elikadura eta lurraren autonomia bilatzen duen Amillubi proiektua eta, amaitzeko, Piztu energia berriztagarrien kooperatiba Zumaian.
Biraren antolatzaileek Udanbizi oporrak era jasangarriagoan lagunen artean pasatzeaz gain, aztarna ekologiko handiagoko bidaiak ekidin eta gurean lurra eta burujabetasunaren aldeko ekimenak ezagutzeko aukera dela azaldu dute. Informazio gehiago eskuragarri Goienerren web atarian