Urtero lez, aurten hamaikagarrenez ospatuko da Plentzian Itxas Martxa, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko ekimena. Azken hamarkada honetan euskal presoen egoera asko aldatu bada ere, “hamaikagarrena egiteko beharra” dagoela azaldu dute antolatzaileek, presoen etxeratzearen aldeko pausu handiak eman badira ere, oraindik salbuespen politikarekin amaitzeko lanean jarraitu behar dela aldarrikatu dute.
Presoen aldeko “lurrerik, uretatik eta airetik” egingo den martxa honetan, kartzelan eta deserrian dauden presoen eta haien familien alde egiteaz gain, Palestinar herriari elkartasuna helaraziko zaio, urriaz geroztik pairatzen ari den genozidioa gaitzesteko.
Eguerdian hasiko da larunbateko Itxas Martxaren egitaraua, 12:00etan “Pirulian” egingo den ekitaldiarekin; ostean Zubi Zuritik martxa egingo da eta Sofanbeltz, Little Martin Selektah eta Muxker taldeen kontzertuak izango dira entzungai. 15:00etan elkartasun bazkaria izango da, Mozkor Alaiak girotutako bazkaloste musikatuarekin jarraian. Arratsaldean Mrs. Klams taldearen kontzertua eta erromeria egongo dira Zazpizarren eskutik, 20:00etatik aurrera.