Plazandreak txapelketaren finala ospatuko da gaur Esperantza frontoian

uriola.eus 2024ko abu. 5a, 14:24

Argazkia: eitb.eus

19:30etan jokatuko da finala, sarrera doakoa izango da edukiera bete arte, eta zuzenean emango du ETB-1ek.

Plazandreak txapelketak egungo emakumezko pilotaren puntako kirolariak bildu ditu Bilboko Esperantza frontoian azken hilabetean astelehenero. Maila goreneko 12 pilotarik hartu dute parte guztira leihaketan, lau taldetan banatuta: Arrizabalaga-Capellán eta Ibarrola, Aldai-Mendizabal eta Larrarte, Zabaleta-Gaminde eta Etxegarai eta Garai Galeano eta Arrilaga. Taldekako lehiaketa izan da eta pilotariek binaka jokatu dute, lau eta erdiaren barruan, eta garaipen bakoitzeko puntu bat gehitu dute. Txapelketa uztailaren 1ean hasi zan eta puntu gehien lortu dituzten talde biek abuztuaren 5eko final handia jokatuko dute. Aurtengo finalean Goiuri Zabaletak eta Enara Gamindek osatutako bikoteak Amaia Aldai eta Nora Mendizabalen aurka jokatuko dute bikotekako norgehiagokan, eta Miriam Arrillagak Miren Larrarteren aurka lau t’erdiko txapelketan.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak bere hasierako mezua gogorarazi du. “Euskal pilota kirol estrategikoa da herriarentzat, gure kulturaren eta gure nortasunaren zati baita. Horregatik, Bilboko Udalean hainbat ekimen bultzatzen ditugu hori sustatzeko. Bilbao Kirolak erakundea Bizkaiko Federazioarekin lankidetzan aritzen da ikasleen artean pilota-tailerrak antolatzen.Emakumezkoen esku-pilotako Hiru Hiriburu txapelketa antolatzen dugu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gainera, Pilota Eskola sortu dugu. Eskolaren egoitza Esperantza frontoian dago. Helburua pilota-jokoa, historia, modalitateak eta abar zabaltzea da. Umeen artean zaletasuna sortu eta emakumeen kirola sustatu nahi dugu. Gainera, txapeldunen artean bilbotarren bat badago, hobe. Kirola tresna bikaina da berdintasuna sustatzeko. Emakume kirolari profesionalei ikusgarritasuna emanez, erreferenteak sortzen ari gara gizartearen gainerakoentzat, batez ere gure neska txikientzat. Erreferenteekin errazagoa da norbera egoera horretan ikustea".