Pentsiodunak borrokan: Herri Ekimen Legegile berria Legebiltzarrera

uriola.eus 2024ko ira. 19a, 12:45

Argazkia: Iazko pentsiodunen mobilizazioa Bilboko udaletxean

Gutxieneko pentsioak osatzeko HEL bat aurkeztuko du EHPM-ak hilak 26an.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak EAEko Legebiltzarrean Legegintzako Herri Ekimen bat aurkeztea adostu du, gutxieneko pentsioak Europako gizarte-kartan ezarritako diru-sarreren irizpidea bermatu dadin; Lanbideen arteko Gutxieneko Soldataren %60an ezarri beharko litzateke, Europako neurriei jarraiki, pentsioen zenbatekoa.

Egun gutxieneko pentsioa EAEko aurrekontuen bidez osatzen dela azaldu du EHPMak, bertako pentsiodunen egoeraren berezitasun. Plataformako kideek azaldu dutenez, “lanean urte asko eman ondoren, bizi-baldintza duinak lortzeko adina diru-sarrera jasotzeko eskubidea dugu”. Behar hauei aurre egiteko, egiturazko osagarri bat beharrezkoa dela azpimarratu du plataformak, “osagarri puntuala edo aldi baterakoa” izan gabe. Osagarri horrek, gainera, lan egiteko ezinduta dauden pentsiodunak, baita kotizaziopeko eta kotizazio gabeko pentsioa jasotzen dutenen egoerak ere barne hartuko lituzke. Honen eraginez, beste desberdintasun batzuen artean, genero arrakalari aurre egingo litzateke, ugalketa- eta zaintza-lanetan aritutako urteetan egindako lana aitortuta ez baitute emakume askok.

Luze dirauen borroka

Luze daramate pentsiodunek borroka honetan, sei urte baino gehiago; ibilbide honetan 150 udalen babesa jaso dute aurkeztu dituzten mozioetan, eta, tokian-tokiko babes hau jaso ondoren, “iritsi da unea legebiltzarrean dauden alderdi politiko guztiek pauso bat aurrera eman eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko”, EHPM plataformak azaldu duenez. Urte hauetako mobilizazioek zenbait neurri atzerakoi indargabetzea lortu dutela azpimarratu du EHPMk, pentsioen errebalorazioa edo jasangarritasun-faktorea, besteak beste. HEL hau onartzearen beharra irmo azpimarratu du plataforkak, “adinekoak zaintzeko gai ez den gizartea ez da herrialde bidezkoa eta solidarioa”.

Mobilizazioarekin bat egiteko deialdia egiten die orain herritarrei Pentsiodunen Mugimenduak, jende gazteari berariazko deia eginda, “batzuetan egunen batean pentsio duina eskuratuko duten itxaropena galdu dutela ematen baitu”. Egoera honen aurrean, lortzeko unea orain dela aldarrikatu dute, euskal langileria eta gazteriari hilak 26an, 11:00etan Eusko Legebiltzarrean egingo den elkarretaratzera dei eginda.