Ander Olazabalaga (Goiener): «Bidezko trantsizio energetikoan zein energia burujabetzan aurrerapausoak emateko, aldaketa norberaren etxean hasten da.»

uriola.eus 2024ko urr. 17a, 13:01

Zer da Goiener?

Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba bat da, irabazi asmorik gabea eta euskalduna. Dagoeneko, 18.000 bazkide gara eta 22.000 argindar kontratu kudeatzen ditugu; zure etxeko edo negozioko argindar kontratua gurera aldatzea erraza da, eta, horri esker, bazkideek kooperatiban aktiboki erabakiak hartzeko eskubidea dute eta baita sorkuntza proiektuetan parte hartzekoa ere. Beraz, Goienerrera etorriz, bidezko trantsizio energetikoaren alde egingo duzu.

Berriztagarrien aldeko apustu kooperatiboa da orduan. Nahi duenak nola bat egin dezake proiektuarekin?

Ba, erraz. Kooperatiban bazkidetuz, bere argindar kontratu guztiak Goienerrera pasatzeko aukera emango lioke eta sorkuntza proiektuak babesteko epea zabaltzen dugunean ekarpenak ere egin ditzake. Gainera baten bat laguntzeko gogoz badago boluntario moduan ere lagundu daiteke gurean, izan ere Goiener mugimendu boluntariotik jaiotakoa baita eta izaera hori mantentzen dugu, bazkideak eta boluntarioak elkarlanean.

Bulegoa Bilbon egonda, Bizkaiko beste herrietan eskaintzen duzue zuen zerbitzua?

Proiektua Hego Euskal Herri mailakoa da, hori da gure eremu naturala eta Iparraldeko I-ener kooperatibarekin senidetuak gaude. Goiener herritar talde batek sortu zuen Gipuzkoako Goierrin, eta berehala zabaldu zen beste lurraldeetara, hasieran boluntario moduan ematen genuen informazioa eta gero era profesionalagoan bulegoak zabaltzen hasi ginen. Bilbon, Plaza Berrian hasi ginen eta Itxaropena kaleko bulegoan sei urte egin ondoren, urte t'erdi daramagu Santimami zumarkalean, Bizkaian 17 langile gara eta espazio handiago baten beharrean geunden.

Eta zer nolako proiektuak dituzue orain esku artean Bizkaian?

Autokontsumo partekatuko eredu berri bat aztertzen ari gara, Uribe Kostan probatu nahi dugu. Eraikin bateko teilatuan instalazio bat jartzea da asmoa, eraikin honek teilatua soberan duenez behar duena baino instalazio handiagoa egingo genuke eta inguruko bizilagunek ere bertatik autokontsumitzerik izango lukete. Bestalde Galdakoko Eguzkibegi ikastolan eta Lekeitioko Azkue Natura Ikastolan instalazio fotovoltaikoak martxan jarri berri ditugu uda honetan.

Bestalde herriz herri energia kooperatiba txikiak (EBK) eratzeko prozesuak ditugu martxan eta behin eratuta, hauek aurrera ateratzeko laguntzen ari gara: Urduña, Otxandio, Elorrio, Ea, Lea Ibarra, Zalla, Larrabetzu, Butroe, Bermeo, Lekeitio...

Ez zaudete geldi egoteko orduan, ikusten da berriztagarrien arloan asko dagoela egiteko.

Bai, oligopolioko enpresek legedian ematen den edozein urratsi probetxua ateratzen diote aldaketa euren alorrera eramateko. Horri aurre egiteko, elkar hartu eta bidezko trantsizio energetikoan zein energia burujabetzan aurrerapausoak emateko, aldaketa norberaren etxean hasten da.